Zabalik dago Euskaraldirako izen ematea

Berriketan 2022ko ira. 28a, 13:48

Parte hartzea berretsi edo estreinakoz izena emateko aukera izango dute norbanakoek gaurtik (irailak 28) aurrera.

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lelopean egingo den 3. Euskaraldia ate joka dator. Gaur (irailak 28) zabalduko dute egitasmoan norbanako moduan izena emateko epea. 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian egingo duten ekitaldi baten bidez emango diote norbanakoen izen emateari hasiera ofizialki, eta ordutik aurrera ahobizi edo belarriprest moduan izena emateko aukera egongo da.

Hizkuntza erabileran eragitea helburua duen ariketa kolektiboa da Euskaraldia, eta helduen aktibazioa du oinarri. 16 urtetik gorako euskal herritarrak daude bertan parte hartzera deituta, eta ariketa egin ahal izateko gutxieneko baldintza euskara ulertzea da. Euskaraldiaren webgunean izena eman daiteke eta, horrez gain, herriz herri egingo diren ekitaldietan ere egongo da horretarako aukera.

Egitasmoaren arduradunek azpimarratu dutenez, soilik estreinako parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute. Izena emateko prozesua laburra eta erraza da: horiek galdetegi motz batean eskatzen diren datuak bete eta ahobizi edo belarriprest rola aukeratu beharko dute.

Aurreko bi Euskaraldietako batean parte hartutakoek, ordea, ez dute berriro izenik eman beharko; aurrez parte hartu izan dutenek aurreko Euskaraldian emandako posta elektronikoan mezu bat jasoko dute, eta nahi izanez gero automatikoki aktibatuko da beren partaidetza. Gaineratu dutenez, nahi dutenek aurretik edukitako rola aldatzeko aukera izango dute.

Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua

Entitateen izen ematea, berriz, azken txanpan sartu da. Urrats hori eman ez duten entitateek urriaren 31 arte daukate zabalik horretarako epea. Entitateentzako gunean izena eman dezakete egitasmoan parte hartu nahi dutenek. Enpresak, erakundeak, elkarteak, fundazioak, klubak, taldeak eta era guztietako entitate antolatuak parte hartzera deituta daude.

2020an egin modura, aurtengoan ere entitateek parte hartu ahal izango dute Euskaraldian, ariguneak sortuz eta euskaraz “lasai” aritzeko guneak bermatuz. Ariguneak areagotzea da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburua. Arigunea osatzen duten kideak (sail bateko lankideak, dendako saltzaileak, kirol klubetako zuzendaritza taldeak, kultur eta aisialdi taldeak, erakundeetako zerbitzuak…) identifikatuta joango dira ahobizi edo belarriprest moduan, eta ariguneetan ere identifikagarriak jarriko dira.