Zabalik dago EuskarAbentura Espedizioan parte hartzeko hautagaitzak aurkezteko epea

Berriketan 2022ko abe. 5a, 10:00
2006 eta 2007 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 3ra arteko epea dauka aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. 2023ko espedizioa uztailaren 1etik 31ra bitartean egingo da.

120 gazte euskaldunek Euskal Herria zeharkatuko dute oinez eta euskaraz, hilabete batez, 2023ko EuskarAbenturan. Laugarren ediziorako izen-emate epea abenduaren 1ean zabaldu dute eta 16-17 urteko gazte euskaldun guztiek 2023ko martxoaren 3ra arteko epea (eguna barne) izango dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideo labur bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte.

Aurten hautagaitza aurkeztu nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran:

Turistak vs Bidaiariak: Nola eta zertarako bidaiatzen dugu? Bidaiatzen duen pertsona ororekiko jarrera berdina al dugu? Zein ondorio dakartza masa turismoak?
Natura gizartean/Gizartea naturan: Nola txertatzen da natura gizartearen espazioetan? Ezagutzen ditugu inguruan bizi diren landare, animalia eta izaki bizidunak? Geratzen al da munduan gizakion eraginik jasan ez duen espaziorik?
Happykrazia: Norbanakoa al da bere zoriontasunaren erantzule bakarra? Zer desiratzen dugu eta zergatik? Desiratzen dugun oro eskuragarria al da?

Era berean, gai horiek garatzeko, gazteek sei lan formatu dituzte aukeran: literarioa, musikala, historikoa, ikus-entzunezkoa, plastikoa eta sormen digitalekoa. Hautagaitzak elkartearen webgunetik egingo dira (www.euskarabentura.eus).

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko dituzte eta apirilaren 14an 120 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko nagusiki proiektuaren balorazioa hartuko da kontuan, baina baita gazteen jatorria, generoa eta agertzen duten motibazioa ere.

Motorrak berotzen. Abenduaren 7 eta 9an EuskarAbenturako kideak Durangoko Azokako Landako Gunean izango dira proiektuaren inguruko informazioa zabaltzen. Gainera, Gazte eztanDA! egunaren baitan antolatu den DA!Gynkana-n parte hartzen duten gazteak (2006 edo 2007an sortutakoak) 2023ko espedizioan parte hartzeko plaza baten zozketan sartuko dira. Gynkanan parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena, Durangoko Azokaren webgunean.