Zabalik dago euskal artista bisual berrien lehiaketan parte hartzeko deialdia

Berriketan 2023ko mar. 27a, 09:00

Apirilaren 25ean amaituko da lehiaketan izena emateko epea. Sariketak artista bisual berrien lana sustatzea bilatzen du; berriro antolatu nahi dute erakusketa bat, uztailean, elizako klaustroan.

Debako Udalak gogorarazi duenez, “euskal artista garaikide berriek haien lanak jendaurrean erakusteko dituzten zailtasunak eta dagoen diru iturri murritza ikusita, Arte Eskola Bizirik Taldeak proposatuta, Kultura batzordeak esku hartzea erabaki zuen. Eta bi taldeek elkarlanean lehiaketa bat antolatzeko oinarriak lantzeari ekin zioten”. Bada, oinarri horiek udaleko osoko bilkuran onartu ondoren, deialdia egitea adostu dute.

Apirilaren 25ean amaituko da lehiaketan izena emateko epea eta, parte hartu ahal izateko, oinarrietan ezarritako baldintzak bete behar direla azpimarratu du udalak. Euskal Herrian jaiotako sortzaileek edo urtebetetik gorako erroldatzea egiaztatzen duten egoiliarrek parte hartu ahal izango dute lehiaketan; betiere aurtengo abenduaren 31n 35 urte beteta ez badituzte. 

Inskripzioak posta elektronikoz egin behar dira, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa dosier batean entregatu behar da; erakusketa-proiektua, berriz, PDF formatuan. 4.000 euroko saria jasoko du irabazleak, laguntza horrekin erakusketa prestatzeko aukera izan dezan.