Zabalik dago Emakumea* surflari ikastaroetan izena emateko epea

Berriketan 2022ko mar. 19a, 13:05

Emakumea* Surflari emakumeen artean surfa sustatzearen alde lanean ari den irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta euskal kostaldeko herrietan emakumeei soilik zuzendutako ikastaroak antolatzen ditu 2014az geroztik. Aurten, Deban, apirilaren 2tik maiatzaren 29ra bitartean eskainiko ditu ikastaroak eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea (martxoaren 31ra arte).

Udalak eta Emakumea* Surflari elkarteak lankidetza hitzarmena adostu dute 16 urtetik gorako emakumeei* zuzendutako ikastaroak sustatu eta pertsona hauen ahalduntze indibidual eta kolektiboa bultzatzeko asmoz. Ikastaroak apirilaren 2tik maiatzaren 29ra bitartean egingo dira (apirilaren 16-17ko eta 23-24ko asteburuetan salbu): larunbatetan 3. eta 4. mailetako saioak eskainiko dira, eta igandetan 1. eta 2. mailetakoak, 9:30-11:30 edo 11:30-13:30 bitartean, 6 laguneko taldeetan. 

Emakumea* Surflari elkarteak ONSIDE funtsetako diru-laguntza jaso du. Kirolean genero berdintasuna sustatzen duten elkarteei bigarrenez emango zaien mundu mailako laguntza da. Modu horretan, langabezian dauden, 60 urtetik gora dituzten edo egoera zaurgarrian dauden pertsonek beherapena izango dute ikastaroaren kuotan. 

Ikastaroan parte hartu nahi dutenek martxoaren 23tik 31ra bitartean eman beharko dute izena, dagokion kuotaren ordainketaren ziurtagiria eta izen-emate orria Turismo Bulegoan aurkeztuta (943 19 24 52 / turismoa@deba.eus); Udalaren webgunean, kiroldegian, liburutegian, harrera bulegoan, Turismo Bulegoan edo hemen bertan eskura daiteke izen-emate orria. Taldeak osatzeko izen-ematearen ordena errespetatuko dela jakinarazi dute antolatzaileek.