Zabalik dago Debako Beldur Barik 2022 tokiko lehiaketara lanak aurkezteko epea

Berriketan 2022ko urr. 26a, 10:11

Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 11 da. Kategoria bakoitzeko proiektu irabazleak 100 euro irabazteko aukera edukiko du.

Beste urte batez, abian da gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu nahi dituen Beldur Barik lehiaketa. Beste herri batzuetan egin modura, Deban ere tokian tokiko lehiaketa antolatu dute, eta parte hartzeko epea zabalik dago. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 11 da. Proiektuak, zehazki, 23:59 aurretik bidali beharko dira.

Lanak bideo formatuan aurkeztu behar dira. Aukera publikoan, YouTube edo Vimeo plataformetara igo behar dira bideoak, eta horiek gehienez ere 3 minutuko luzera izan dezakete. Beldur Barik programaren webgunean dagoen formularioa bete eta plataformara igotzean sortutako esteka kopiatu beharko dute gero parte hartzaileek. Aurten, berritasun modura, lana webgunera igotzerakoa orduan prozesu fitxa bat ere bete beharko da. “Ikus-entzunezko lana sortzeko prozesuari buruzko informazioa jasoko duen fitxa errez bat izango da”.

Edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada

Udal iturriek gogorarazi dute aurkeztutako lanek Debako tokiko lehiaketan zein lehiaketa orokorrean parte hartuko dutela. “Youtubera edo Vimeora igotako bideoen deskribapenean, bideoaren izenburua erantsi beharko da, baita zein udalerritatik eta zein kategoriatik aurkezten den ere. Ez dira parte hartzaileen izen-abizenak edo datuak jarriko”.

Lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. “Edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada: besteak beste, flashmobak, errezitatuko poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketa testuak, bideoklipak, argazkiak, fotomuntaketak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, film laburrak, animaziozko proiektuak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performanceak edo herritarren esku hartzeak”.

Azpimarratu dutenez, proiektu parte hartzaileek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. “Kalitate teknikoaren edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da. Hau da, indarkeria matxistaren adierazpen mota guztiak gainditzeko eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi beharko dute”.

Kategoria bakoitzeko onenek 100 euroko sari bana irabazteko aukera edukiko dute

Bakarka edo taldeka parte hartu daiteke eta, gehienez, hiru proiektu aurkezteko aukera egongo da. “Lanak euskaraz, gazteleraz, ele bietara zein bestelako hizkuntzaren batean aurkeztu ahal izango dira, baldin eta euskarazko edota gaztelerazko azpitituluak badituzte. Euskararen erabilera aintzat hartuko da”.

Parte hartzaileei dagokienez, hiru kategoriatan banatuta parte hartuko dute. Honakoetan:

  • Lehen kategoria: 2008 eta 2010 urte artean jaioak (12-14 urte).
  • Bigarren kategoria: 2005 eta 2007 urteen artean jaioak (15-17 urte).
  • Hirugarren kategoria: 2002 eta 2004 urteen artean jaioak (18-20 urte).

Antolatzaileek zehaztu dutenez, kategoria bakoitzeko sari bana banatuko da. Kategoria bakoitzeko onenek 100 euroko sari bana irabazteko aukera edukiko dute. Ispiluen Gelan azaroaren 25ean egingo duten ekitaldian banatuko dituzte sariak.