Zabalik dago ‘Deba 100 hitzetan’ literatur lehiaketara lanak aurkezteko epea

Berriketan 2023ko urt. 31a, 10:30

Kontakizunak paperean edo era digitalean aurkeztu ahal izango dira, eta horiek aurkezteko azken eguna martxoaren 10a da. 1.300 euro banatuko dituzte saritan.

Cardemas Fundazioak eta Debako Udalak euskaraz zein gazteleraz parte hartu daitekeen Deba 100 hitzetan literatur lehiaketa jarri dute abian zazpigarrenez. Lanek jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute eta lehiaketan edonork parte hartu ahal izango du. Kontakizunaren gai nagusiak zuzenean edo zeharka Debarekin lotura izan beharko du aurten ere; historiarekin, paisaiarekin… lotuta dagoen edozerekin izan beharko dute zerikusia. Neurriari dagokionez, gehienez ere, 100 hitzeko lanak jasoko dituzte, izenburua alde batera lagata.

Nola aurkeztu? Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lanak paperean edo era digitalean aurkezteko aukera egongo da. Turismo bulegoan jasoko dituzte idatzi guztiak eta horretarako azken eguna martxoaren 10a dela esan dute: “14:00ak baino lehenago aurkeztu beharko dira lanak”. Parte hartzaileek gutun azal handi batean aurkeztu beharko dituzte lanak, kanpoko aldean izengoitia idatzita. “Idazlanaz gain, beste gutun azal bat sartu beharko da barruan honako datuekin: izen-abizenak, helbidea, adina eta telefonoa, eta izanez gero, baita helbide elektronikoa ere”.

Epaimahaia Kultura zinegotziak aukeratutako pertsonek osatuko dute, eta haren erabakia “aldaezina” izango da. Euskarazko eta gaztelaniazko kategoria bakoitzean, ohi modura, hiru sari banatuko dituzte:

  • Lehen saria: 300 euro.
  • Bigarren saria: 200 euro.
  • Saririk gabeko herriko lanik onena: 150 euroko saria.

Lanen autoretza eskubideak. Aurkeztutako lan guztiak antolatzaileen eskuetan geratuko dira eta horiek argitaratzeko eskubidea ere antolatzaileen esku geratzen da. “Lehiaketan parte hartzeak arau hauek onartzea dakar. Edozein kalte edo erreklamazio izanez gero, parte hartzaileek izango dute ardura osoa; antolatzaile eta babesleek ez dute inolako erantzukizunik izango”. Lehiaketaren oinarriak eta bestelako informazio gehigarri guztia udalaren webgunean daude.