Zabalik dago aurtengo EuskarAbentura Espedizioan izena emateko epea

Berriketan 2022ko urt. 10a, 12:49

Dagoeneko zabalik da EuskarAbentura Espedizioa 2022an parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2005 eta 2006 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 4ra arteko epea dauka aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko. Aurten, berriz ere, 130 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatuko dute, euskara hutsean. Edizio berrian, besteak beste, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana landuko da, Elkano Fundazioarekin elkarlanean.

Espedizioan parte hartu nahi duten Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazte euskaldunek martxoaren 4ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko; horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz (www.euskarabentura.eus helbidean ikusgai).

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere.

Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Gure aisiaren espazioa, gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko; Moda azkarra, arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara, soilik historiatik ikasiz eraikiko dugulako etorkizuna. Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri nahi ditu elkarteak.

Euskara bidelagun

Espedizioaren helburu nagusia euskara gazteen bizitzaren erdigunera eramatea eta, horrekin batera, gazte euskaldunen sare indartsu bat ehuntzea da, gaur egun euskarak indartzeko behar dituen arloak lantzea, alegia.

Uztaileko hilabetean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik.

Lehen mundubiraren 500 urteak betetzen dira 2022an. Horren harira, hurrengo espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa izango da, gure bizimoduan duen eragina, Euskal Herriak horrekin daukan harremana, izango da, eta horrek historian zehar izan duen bilakaera aztertzera gonbidatuko ditugu gazteak. Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta errelato historikoez hausnartzeko aukera izango dute eta etorkizuna iraganetik ikasitakoarekin irudikatzeko ere. Horretarako, EuskarAbentura Elkartea Elkano Fundazioarekin elkarlanean arituko da, gazteen izen-emate proiektuaren hirugarren gaia diseinatuz eta baita espedizioan landuko diren hainbat ekintza antolatzeko ere. “Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu. Gogoeta ahalegin hauetan gazteen ahotsa entzun nahi dugu eta EuskarAbenturak landutakoa eta lantzeko moduak, baldintza egokiak sustatzen ditu hausnarketarako”, azaldu du Elkano Fundazioaren zuzendari den Ion Irurzunek.

Osasun krisiak eraginda, 2019ko uztailetik EuskarAbenturak ez du espedizio formatua izan, osasun egoeraren beharretara moldatu behar izan duelako azken bi urteotan. Aurtengo uztailean berriro ere ikusi ahal izango ditugu 130 gazte Mauletik Getxora Euskal Herria oinez zeharkatzen, betiere momentuan indarrean dauden neurriek ahalbidetzen badute.

Espediziorik gabeko bi edizioren ostean, 2022ko uztaila positibotasunez antolatzen hasi dira EuskarAbentura elkartetik. Osasun-larrialdia hasi zenetik aisialdiak aurretik dituen erronken aurrean indartsu sentitzen dira, eta horren isla da Kukulaisi Euskaltzaleen Topagunea Federazioa. Erakunde berri horren sorrera Euskaltzaleen Topagunean biltzen diren eta aisialdia lantzen duten euskara elkarteek egindako hausnarketaren emaitza izan da. Helburua tokian tokian euskarazko aisialdia lantzen duten egitasmoak artikulatu eta garatzea da. Gaur egun 14 elkartek osatzen dute, baina lanean ari dira beste hainbatekin batera elkarlana sortzeko.