ELKARRIZKETA

Xiquets de Reus: “Espero dugu jendea gure dorreekin hunkitzea, gu zuen kulturarekin eta jaietako elementuekin hunkitzen garen bezala”

Berriketan 2022ko abu. 10a, 09:00
Abuztuaren 13an, Deba-Reus topaketan, egitarau oparoa izango da, eta berorren barruan, Reuseko elementu kulturalen erakustaldia izango da, Reuseko Xiquets de Reus castell-ak egiten dituen taldearena, besteak beste. Hori dela eta, Xenia Galceran eta Aina Martinengana, Xiquets de Reus-eko taldekideak, jo dugu “colla castellera”-ren ingurukoen jakin-minez.

Nola aurkeztuko zenukete zuen burua?
Reuseko “colla castellera” deritzona gara. 1981ean ekin genion gure jarduerari, inguruko herrietako (Valls, Tarragona…) colla edo taldeek egiten dituzten castell-ak ikusita.
Castell-ak egiteko ez du axola duzun generoa, adina, prestakuntza…; beraz, asko eta oso desberdinak gara.

Castell-a giza eraikuntzak altxatzean datza, elkarren gainetik igoz, egiturarik altuenak lortu arte. Hainbat modutakoak izan daitezke, pisu bakoitzean igotzen den jende kopuruaren, eta iristen den pisu kopuruaren arabera. Castell oro hiru zatiz dago osatuta: Pinya (oinarria), egitura (dorrearen ageriko zatia) eta pom de dalt-a (egituraren goialdea). Goraino igotzen den haur taldeari la canalla deritzo.

Gure jarduera da astero bizpahiru egunetan entseatzea eta asteburuetan emanaldiak egitea.
Lortu ditugun castell garrantzitsuenen artean, bederatzi pisukoak nabarmendu genitzake, adibidez (hiru pertsonako bederatzi pisukoak, alegia).

Nola eragin dizue pandemiak zuen egunerokoan?
Gure jarduerak jende asko biltzen du eta harremana eskatzen du. Pandemiaren ondorioz, erabat gelditu behar izan genuen gure jarduera.

Jarduera fisikoak ez ezik, sozialak eta kulturalak ere elkartzen gaitu. Gure artean lagun asko daude, eta castell-ek lotzen gaituzte. Beraz, hori alboratzea eta elkar ikusteari lagatzea oso zaila izan zen.

Bi urteren ondoren, normaltasunera itzuli ziren azken jardueretako bat izan zen geurea, osasun-araudiak zirela eta. Gainera, pandemiak pertsonalki bakoitzarengan izan duen eraginaren ondorioz, colla apur bat kaltetu da: pertsona batzuek itzultzeko zalantza zuten, eta kiderik txikienak asko hazi ziren.

Normaltasunera 2021eko irailean itzuli ginen, gure denboraldiaren amaieran (martxotik urrira arte irauten du) eta bueltan, aurten, apurka-apurka, egiten genituen giza dorreak berreskuratzen ari gara, nahiz eta aurretik lan handia egin.

Debara bigarren bisita duzue. Zer oroitzapen dituzue? Eta zer berritasun izango dira aurtengo emanaldian?
Debara egin genuen lehen bisitan oso ondo pasatu genuen, herriko jendearekin kultura partekatuz gozatu genuen, eta hain gustuko dugun hori irakasteko aukera izan genuen: castell-ak.

Herriko plazan aritu ginen, Katalunian ohi den bezala, eta hainbat castell eta pilar (zutabe) egin genituen, abuztuan egingo ditugunak bezalakoak. Colla castellera batentzat, etxetik hain urrun castell-ak egin ahal izateak asko esan nahi du: ahalegina eta konpromisoa, jende askoren inplikazioa behar delako. Debako txikienei zuzendutako jarduera bat ere egin genuen, egun batez gure giza dorreak nolakoak diren jakiteko gogoa baitzuten.

Aurten espero dugu jendea berriz hunkitzea gure eraikuntzekin, eta gu hunkitzea zuen kulturarekin eta jaietako elementuekin, eta duela bost urte hasi genuen harreman berezi horri eustea.

Eskerrik asko!, aurten bereziki zuen festez, pintxoez eta jende onaz gozatu ahal izatea espero dugu!

Reuseko castell-a.