Xahuren kontzertua eta jam session irekia KulturEkin egitarauaren baitan

Berriketan 2023ko mar. 27a, 10:30
Martxoaren 31n, ostiralean, izango da KulturEkin-en baitan aurten antolatutako hirugarren emanaldia. 22:00etatik aurrera, Kultur Elkartean, jazz musika izango da protagonista.

Kultur Elkarteak eta Debako Udalak elkarlanean antolatutako KulturEkin programazioaren baitan egingo da martxoaren 31ko hitzordua. 22:00etan izango da, Kultur Elkartean, ohi bezala, eta doan; Xahu taldea ariko da agertokian. Lehenik, kontzertu labur bat joko dute musikariek eta, ondoren, jam session irekia izango da, oholtzan beste herritarrei eta oro har inprobisazioari leku eginez.

Mikel Nuñez, Jon Ander Amigo, Unai Olabarri eta Josu Salegi saxofonista debarrak lagun artean sortu eta hazitako proiektua da Xahu; 2018an hasi ziren elkarrekin entseatu eta kontzertuak eskaintzen, baina aurrez ezagutzen zuten elkar, Musikeneko ikasle izan baitziren laurak. Taldeak iaz plazaratu zuen bere estreinako diskoa, Gero Gerokoak; 11 abestiz osatutako lana da, heterogeneoa, jazzaren baitako ikuspuntu ezberdinez gozatzeko aukera eskaintzen duena.

Ruper Ordorika, apirilean. Bestalde, apirilera begira, Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltako jarduerak prestatzen dihardute aurten ere.

Apirilaren 22an, esaterako, liburu azoka, bermut literarioa eta mikro irekia egingo dute Kultur Elkartean, 11:00etatik aurrera. Gauean, berriz, Ruper Ordorikaren kontzertua izango da, 22:00etan. Emanaldirako sarrerak aurrez salduko dira, apirilaren 3an, hain justu, Kultur Elkartean bertan, 18:00etan (hamar euroan). Musikaria bakarka ariko da Debako emanaldian.