ELKARRIZKETA

Xabier Gaztañaga: “Esango nuke egon naizen leku guztietan sentitu naizela etxeko”

Berriketan 2022ko aza. 4a, 09:00

“1982ko uztakoa” da Xabier Gaztañaga Galarraga eta hamahiru urte daramatza Debatik kanpo; jaioterrira bisitan etortzen bada ere, Alemania du bizileku gaur egun.

Goi mailako Industria Ingeniaritza ikasketak egin zituen Donostia eta Bilbo artean, eta enpresa austriar batentzat dihardu lanean gaur-gaurkoz. Afizioengatik galdetzean, hiru nabarmendu ditu solasaldi honen hasieran: saxoa, surfa eta judoa. “Nire bizitzako ardatzak dira eta, orain, aita on eta bikote ez hain kaskarra izateko bidean laguntzen didate”.

Non zaude gaur egun? Zer nolatan?
Gaur egun Akisgran-en (Aachen-en), Alemanian, bizi naiz eta Vorarlberg-eko (Austria) Liebherr enpresarentzat egiten dut lan makinen kalkulu eta simulazioak eginez I+G sailean. Debatik orain 13 urte irten nintzen eta azkeneko 11 urteak Alemania eta Austria artean igaro ditut.

Zerk eraman zintuen atzerrira?
Motzean, ilehori batek! 2006an Dominikar Errepublikan egon nintzen Mugarik Gabeko Ingeniariak gobernuz kanpoko erakundearekin eta zerbait aldatu zen nire mundua ikusteko moduan. 2009an El Salvadorrera joan nintzen beka baten bitartez, eta urte eta erdi beranduago Alemaniara eta Austriara. Gaur egun, eta atzera begira jarrita, esango nuke egon naizen leku guztietan sentitu naizela etxeko; egokituz eta aurreiritzirik gabe mugituz, edonon sentitu naiz zoriontsu.

Zertan zabiltza orain?
Lanaz gain, errugbian urte asko jokatu ondoren, horietako bi Alemaniako 1. Bundesligan, Jiu jitsu Brasildarrean oso murgilduta nago gaur egun eta borrokarako grina dudan bitartean hala jarraituko dut. Saxofoia jotzen jarraitzen dut, musikak oso leku berezia du ene bizitzan. Neguan splitboard batekin Alpeetan barneratzen naiz, surfaren lekua betez, eta garai beroagoetan bela arinean ibiltzen naiz, lakuetan.

Espero zenuen bezalakoa da orain duzun bizilekua? Zerk harritu zintuen?
Bizi izan naizen leku bakoitzak erakutsi dit edertasunen bat. Akisgran-eko inguruak bizikletan ibiltzeko bikainak dira eta, historia gustatuz gero, denetarik dago, Karlomagnoren tronua, gazteluak, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretako aztarnak, Belgika eta Herbehereekin itsatsita izatea, eta abar. Austriak, bestalde, Alpeetako edertasun paregabea eskaintzen du: mendiak, lakuak eta elur kirolen paradisua.

Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Oso garrantzitsua. Martin semearekin euskaraz egiten dut eta ahal dudan guztia egiten dut bere euskararekiko harremana onena izan dadin; gainera, gure hizkuntza “kodifikatua” da kaletik goazenean. Harrigarria da, era berean, leku askotan aurkitu izan ditudala euskaraz azaldu ahal diren toponimoak.

Bertako hizkuntzarik ba al dago hor? Hizkuntza txikirik edo?
Alemanian eta Austrian hizkuntza ofiziala alemana bada ere, Akisgran-en achenerplatt-ez edo ocherplat-ez hitz egiten da eta Austrian ere dialekto ezberdinak daude; adibidez, Vorarlberg-en alemanisch-ez hitz egiten da, eta nahiko ulergaitza izan daiteke alemanez bikain jakin arren. Beraz, niretzat hizkuntza ezberdinak dira!

Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Familia, lagunak eta itsasoa ekarriko nituzke gustura. Horra, berriz, zera eramango nuke: publikoarekiko kontzientzia, garbitasuna, lan-bizi kalitatea eta herri planifikazio kontzeptuak, non eraikuntza historikoek leku protagonista duten.

Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Bueltatuko naizen ez dakit, baina behin eta berriz itzuliko nintzatekeela bai. Herrimina oraindik maite duzun baina askotan mindu zaituen bikotea bezala dela iruditzen zait batzuetan.

LABURREAN

  • Paisaia bat: Deba eta itsasoa, Sorginetxetik.
  • Usain bat: itsasoko kresalarena eta Galtxako ogi egin berriarena.
  • Zapore edo jaki bat: amaren txibiak eta amamaren “kokretak”.
  • Gustuko ditut… garagardoak lagunartean.
  • Ez ditut gustuko… zuzengabekeriak eta bekaizkeria.
  • Amets bat: Debako herria berloratzen ikustea.