Urtemugako ekitaldiekin darrai Amaikak Bat-ek eta azaroan entrenatzaileak hartu dituzte gogoan

Berriketan 2021ko aza. 15a, 12:52
Amaikak Bat-ek hainbat gizatalderi bere omenalditxoa egiteko baliatu nahi du 75. urtemuga. Horregatik, urteurrena ospatzen ari den honetan, gai bat hartuko du ardatz hilabete bakoitzean.

Horrela, bada, abuztuan ekimena aurkeztu ostean, irailean bazkideak omendu zituzten. Urrian, kultura eta gizartea hartu zituzten ardatz eta kirol gaia zuten ikuskizunak izan ziren: Kukai dantza taldearen Fair play ikuskizuna, eta Zuhatz Gurrutxagaren FutbolisTok bakarrizketa.

Azaroa entrenatzaileen omenezko hilabete izendatu dute taldekoek. Hori dela eta, guztira bi hitzaldi eta entrenatzaileen afaria izango dituzte hilabete honetan. Bi hitzaldiak Kepa Diez federazioko entrenatzaileen eskolako irakasle eta kirol psikologian aditu denaren eskutik datoz. Lehenengoa, azaroaren 8an izan zen, Kultur Elkartean. Kirol errendimenduarekin lotutako aldagai psikologikoak izenburua izan zuen hitzaldiak, eta, besteak beste, galdera honi erantzuten saiatu zen aditua: zer ekarriko liguke gure futbolariak gogoz eta buruz ondo prestatzeak? Gainera, entrenamenduetan erabilgarri diren tresnak eskuratu zizkien Diez-ek bertaratutakoei.

Azaroaren 22an izango da hurrengo hitzaldia, Futbol praktikaren ondoriozko garapen pertsonal osoa izenburupean eta, kasu honetan, helburua lortze aldera klubak eta gurasoek sinergikoki jokatzeko bideaz arituko da aditua. Hilabeteko hirugarren ekitaldia azaroaren 13ko entrenatzaileen afaria izan zen. Amaikak Bat-eko gaur egungo eta lehengo entrenatzaileak bildu ziren, 62 lagun guztira (goiko argazkian).

Abenduari begira, Euskararen Nazioarteko Eguna (abenduak 3) gogoan, euskara hartu dute hilabeteko gai ardatz eta, beraz, egun horretako ekitaldietan parte hartzeaz gain, Amaikak Bat-ek Udalarekin batera euskararen erabilera indartzeko landutako proiektua aurkeztuko dute, besteak beste.