Urtebetean 40 jaialditako sail ofizialetan lehiatu da Aitor Oñederraren ‘Ur azpian lore’ lana

Berriketan 2022ko urr. 21a, 14:01

Ikus-entzunezko sortzaile eta ilustratzaile debarraren lana datozen egun eta asteetan, besteak beste, Granadako 28. Zuzendari Gazteen Jaialdian, Cartagenako 51. Nazioarteko Jaialdian, Pavez Sarietan eta Octubre en Corto jaialdietan lehiatuko da.

2021eko Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinebi jaialdiko sail ofizialean estreinatu zuten Oñederrak zuzendutako, ekoitzitako eta idatzitako animazioko film laburra, eta orduz geroztik, beste hainbat nazioarteko jaialditan parte hartu du: besteak beste, Donostiako Zinemaldian edo Gasteizko Cortada lehiaketan. Sortzaile debarrak azpimarratu dutenez, “oso ondo” doa urtea. “Euskal Herriko, Espainiako eta nazioarteko jaialdirik entzutetsuenetan egon da film laburra”.

Zehaztu duenez, urtebetean 40 jaialditako sail nagusietan parte hartzeko aukeratu dute zinta. “Aurreko astean, esaterako, Bukaresteko (Errumania) Animest nazioarteko animazio jaialdian parte hartu genuen. Goi mailako animazio jaialdia da Animest, eta sail nagusian izatea ohore handia izan da niretzat; ez da erraza izaten horrelako animazio zinemaldietan aukeratua izatea”.

Lana, gainera, laster Movistar Plus+ plataforman ikusteko aukera egongo dela aurreratu du Oñederrak; azarotik aurrera egongo da ikusgai

Datozen egun eta asteotan, berriz, beste lau jaialditan lehiatuko da debarraren animaziozko film laburra: urriaren 22ra bitartean gauzatuko den Talavera de la Reinako Pavez Sarietan, urriaren 20tik 29ra bitartean gauzatuko den Arnedoko Octubre en Corto zinemaldi ezagunean, urriaren 25etik 30era gauzatuko den Granadako 28. Zuzendari Gazteen Jaialdian eta azaroaren 20tik 26ra gauzatuko den Cartagenako 51. Nazioarteko Zinema Jaialdian. Pozik agertu da bere lana beste lau jaialditan parte hartzeko hautatua izan delako. “Oso gustura hartu dugu berria; badakigu gure film laburra mimo handiz programatu eta proiektatuko dutela”.

Lana, gainera, laster Movistar Plus+ plataforman ikusteko aukera egongo dela aurreratu du Oñederrak; azarotik aurrera egongo da ikusgai. “Lorpen handia da guretzat. Ez da erraza izaten horrelako plataformek film labur independenteen emisio eskubideak erostea”.