Urte osoko programazioa osatu nahian, herritarren inplikazioa eskatu du Kultur Elkarteak

Berriketan 2022ko ots. 9a, 10:07

“Osasun-krisiak gogor kolpatu du kultura, baina geldialdi horri buelta emateko lanean hasiak gara eta abiatu berri den urte honetarako kultur programazio aberatsa prestatu nahian gabiltza, KulturEkin egitasmoaren baitan hilabetero ekimen bat antolatuz”. Hitz horiekin laburbildu dute Kultur Elkarteko kideek 2022ra begira ezarritako erronka nagusia.

Kultur eskaintza aberastea da helburu nagusia, baina ez bakarra. “Eragile eta herritarren inplikazioa sustatzea, Kultur Elkartea indartzea eta, bide batez, eraikinaren egoerari irtenbide bat emateko bidean pausoak ematen hastea ere bilatzen dugu”, gaineratu du zuzendaritzako kide Alex Turrillasek.

Oraindik ere ez dago itxita urte osoko programazioa, baina hilabete bakoitzean ekitaldi bat egitea da asmoa eta udaberrira arteko egitarauaren berri eman dute dagoeneko. Olatz Salvador (Donostia, 1990) musikaria izango da protagonista otsailean; hilaren 25ean eskainiko du kontzertua. Esti eta Mikel Markez izango dira martxoko gonbidatuak eta, apirilean, berriz, Liburuaren Eguna ospatzeko ekimenek beteko dute programazioa (liburu eta eragileen azoka, irakurraldiak…). Datak hurbildu ahala zehaztu eta jakinaraziko dituzte emanaldien inguruko xehetasunak.

“Osasun-egoerak eta haren bueltan ezarritako neurriek ahalbidetzen duten heinean behintzat, dinamika berri honi helduko diogu. Neguan, adibidez, formatu txikiaren aldeko apustua egingo da, Kultur Elkarteko aretoa baliatuta; eta udan formatu handiagoei eman nahi zaie kabida, eraikinaren kanpoko plaza aprobetxatuz”. Formatu eta diziplina ezberdineko ekintzak izango dira, hortaz, programazio nagusiaren ardatzak.

Bide batez, iaz martxan jarritako Gure Giro programa ere berreskuratu nahi du Kultur Elkarteak, herriko eragile eta kultur sortzaileei ekimenak antolatzeko erraztasunak eman eta bertako kultur eszena indartzea helburu.

Urte berrirako erronka argi badute ere, egitaraua ez dago guztiz zehaztu eta  biribilduta, eta antolatzaileek instituzioen, eragileen eta herritarren parte-hartzeak duen garrantzia nabarmendu dute berriz ere. “Guztiei egin nahi diegu proiektuaren parte izateko deia eta gonbitea: ekimenak proposatuz, ekarpenak eginez, antolakuntzan lagunduz… Guztion inplikazioa izango da aurrera bidean pausoak emateko bitartekorik nagusi eta eraginkorrena”.