Urtarrilaren 9an erabakiko da Debako Urte berriko 45. Idi Proba

Berriketan 2023ko urt. 5a, 13:26

Debako Udalak Urte berriko Idi Probak antolatu ditu aurten ere, Urte Berriko Azokaren testuinguruan. Astelehenean (urtarrilak 9) egingo da 2023ko Kintopeko Txapelketa, eta antolatzaileek esan dutenez, jardunaldi bakarrean erabakiko da irabazlea. Probak, ohi modura, Euskal Jolas pilotalekuko probalekuan egingo dira, 21:00etan hasita.

Iragarri dutenez, Gipuzkoako eta Bizkaiko lau probalariren etxeetako kintopeko idi pareek parte hartuko dute txapelketan, honakoek: Soarte (Elgoibar), Etxetxo (Arroa), Bizkiak (Errezil) eta Zornotza anaiak (Zalla). Banatuko dituzten sarien berri ere eman dute. 4.550 euro eta beste hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Plazarik gehien egiten dituen idi pareak 1.300 euro, garaikurra eta manta eramango ditu; bigarren sailkatuak, 1.200 euro eta garaikurra; hirugarren sailkatuak, 1.100 euro eta garaikurra eta laugarren sailkatuak, aldiz, 950 euro.

Proba egunean pisatuko dituzte animaliak. Zehaztu dutenez, 10:00etan pisatuko dituzte, probalekuan bertan. Sarreren salmenta ere egunean bertan egingo da, pilotalekuko leihatilan, 20:30etik aurrera. Sarrera bakoitzak 20 euroko salneurria dauka.