Urtarrilaren 28an izango da Kaldereroen desfilea prestatzeko lehenengo entsegua

Berriketan 2023ko urt. 23a, 13:32
Otsailaren 11n izango da Kaldereroen desfilea Deban eta ekimena prestatzeko dantza eta abestien entsegu irekiak egingo dira aurten ere; urtarrilaren 28an egingo da lehenbiziko saioa, eta otsailaren 4an bigarrena.

Inauteriak ospatu baino astebete lehenago iritsiko dira Kaldereroak herrira. Datorren otsailaren 11n, larunbatean, izango da hitzordua; Agirre jauregiko plazan elkartuko dira parte hartzaileak, 19:00etan, eta ordu erdi beranduago abiatuko da desfilea kaleetan barrena.

Bi entsegu egingo dira ekimena txukun prestatze aldera. Urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an izango dira saioak, 11:00etan, Ifar kaleko Luzaro ikastetxean. Nolanahi ere, antolatzaileek gogorarazi dute entsegurik gabe ere har daitekeela parte kalejiran eta bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Gure Kai E.D.T. taldea, Udala, Goaz, Kalean Kantuz, Aitzuri abesbatza, Musika Banda eta, besteak beste, Musika eta Dantza eskolako kideak ere elkarlanean aritzen dira Kaldereroen ohitura berreskuratzeko ahaleginean. Iaz, esate baterako, hamarnaka lagunek parte hartu zuten deialdian eta herritarrek harrera beroa egin zioten ekimenari; irudi ederrak laga zituen hitzorduak (hemen ikus ditzakezue).