Urtarrilaren 14an emango diote hasiera Arrano Elkartearen 40. urteurrena ospatzeko egitarauari

Berriketan 2023ko urt. 11a, 09:40
Debako Arrano Elkarteak 40 urteko ibilbidea betetzen du aurten, eta ekimen ezberdinez osatutako programazioa antolatu du ospakizunaren bueltan. Elikadura burujabetza izango dute hizpide lehenbiziko hitzorduan.

Hilaren 14an, larunbatean, Elikadura burujabetza puntutan… goiburupean antolatutako hitzordua egingo da Agirre jauregiko Ispiluen gelan, 11:30ean. Bertan, “Zer jaten dugu elkarteetan, herri bazkarietan…?” galderari tiraka ariko dira ondorengo gonbidatuak: Iñigo Izagirre arrautza ekologikoen ekoizlea eta bertsolaria; Mirene Begiristain Agroekologian ikerlaria (EHU) eta Biolur Gipuzkoako kidea; Leo Belaustegi arrantzale erretiratua eta Ondarroa 12mila elkarteko kidea; eta Ainhoa Narbaiza Gure Platera Gure Aukera eta Bergarako elikadura mahaiko kidea. Ondoren zizka-mizkak izango dira.

Arrano Elkartearen 40. urtemugaren harira prestatu duten egitarauaren baitan antolatutako lehen hitzordua izango da larunbatekoa; maiatzera bitartean bestelako bost bat ekimen egitea aurreikusten dute.