Urriaren 3an zabalduko da Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea

Berriketan 2022ko ira. 29a, 10:59

Azken urteotako dinamikari eutsita, Deban ere herritarrak euskaraz hitz egitera gonbidatu ditu Zuhatza Euskara Elkarteak ikasturte berrian. Egitasmoa guztiz doakoa da.

Urtez urte ari da zabaltzen mintzalagunen sarea Euskal Herrian, urtez urte gehiago dira elkarrekin praktikatuz euskaraz aritzeko espazio eta guneak irabazten ari diren lagunak; gaur egun, 7.000 herritarrek baino gehiagok parte hartzen dute Mintzapraktika egitasmoetan.

Zuhatzak kudeatzen du ekimena Deban, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, eta astelehenean (urriak 3) zabalduko du izen ematea. Hala ere, urte osoan egongo da egitasmoarekin bat egiteko aukera (aurrez osatutako taldeetan sartuko dira interesdunak).

Ekimenaren sustatzaileek gogorarazi bezala, “asko dira euskaraz aritu nahi eta aukerarik ez dutenak, inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Zenbaitek euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute eta guztiek dute lekua egitasmo honetan, Mintzapraktikan aurkitzen baitute euskaraz lagun artean aritzeko aukera”.

Programan “harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz”. Taldean elkarrekin aritzen dira “eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez”.

Partaideak astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen duten euskaltzaleak). Batzuei zein besteei dei egin diete egitasmoan parte hartzera: “Ireki atea eta praktikatu gurekin, talde giro hurbilean. Zurekin euskaraz egin nahi dugu!”.

Izena emateko erak: koordinatzailea@zuhatza.com posta elektronikora idatzita edo labur.eus/Zuhatza_Deba helbidean sartuta. Informazio gehiagorako: 943 19 13 83.