Umeen Eguna lehenbizikoz ospatu zeneko 70. urtemuga betetzen da aurten

Berriketan 2022ko abu. 2a, 11:00
1952. urtean ospatu zen lehen aldiz Umeen Eguna gurean eta data ez da oharkabean pasako aurtengo festetan. Jakina denez, hain zuzen, urte luzez horretan zein herria girotzeko beste hainbat lanetan aritu den Txaro Garate omentzea, eta txapligua berak botatzea erabaki du Kultura Batzordeak; Garaterekin batera egongo dira jaien hasieran Umeen Eguna antolatzen duten kideak eta Gure Kai dantza taldekoak. Hilaren 15era begira, ospakizunean parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei egin nahi izan diete antolatzaileek eta, bide batez, antolakuntza-lanetan boluntario gehiagoren laguntza beharko dutela ere gaineratu dute.

Atzera begira jarrita, berezia izan zen, zalantzarik gabe, 1952ko Umeen Eguna. Izan ere, haurrentzako espreski antolatutako festei dagokienez ez baitzen aurrekaririk ezagutzen gurean; ez Euskal Herrian ez Espainian. “Estatu osoan haurrentzako soilik prestatutako lehenengo festa antolatu zuen lehen herria izateaz harro egon liteke Deba”, aipatzen zuen Alex Turrillas historiazaleak 2019an idatzitako El ángel de la guarda de Elvillar artikuluan; bere blogean Anes Arrindari eskainitako sarrera batean, hain justu.

Izan ere, herriko katekesi taldearen laguntzarekin, Anes Arrindaren ekimenez sortu edo “asmatu” zen gaur ezagutzen dugun Umeen Eguna orain 70 urte. 1952az geroztik, Umeen Eguneko ospakizunek ez dute aldaketa handi edo nabarmenik izan gaur artean. Bai lehen eta bai orain, hainbat elementu berdintsu mantendu dira programazioan, hala nola dantzak, zezenak, danborrada edota herri-kirolak. Eta ildo beretik dator aurtengo hitzordua ere, abuztuaren 15ean, astelehena, haurrei eskainitako egun osoko egitaraua izango baita Deban –egitarau osoa hemen ikusgai–.

Azken entseguak

Eguna prestatzeko entseguei uztailaren hasieran ekin zieten, baina antolatzaileek gogorarazi dutenez, “gogoa duten guztiak parte hartzeko garaiz dabiltza oraindik ere”. Umeen Eguneko egitaraua txukun prestatze aldera, entseguak egiten jarraituko dute ospakizuna hurbildu bitartean; uztaileko astearteetan izan dira hitzorduak, Ifar kaleko eskolan, eta abuztuan astearte eta ostegunetan egingo dituzte, 19:00etan betiere.

Entseguetan eta ospakizunean parte hartzeko gonbidapena herritar guztiei zuzendu nahi diete antolatzaileek eta, bide batez, antolakuntza-lanetan boluntario gehiagoren laguntza beharrezko dutela ere gaineratu dute. “70 urte hauetan bolondres ugariri esker lortu da Umeen Egunak bizirik jarraitzea. Beste horrenbeste urtez jarraitu ahal izateko, baina, erreleboa behar dugu”, nabarmendu dute.