Ukrainarekiko elkartasun-emanaldia eskainiko dute hainbat eragilek elkarlanean

Berriketan 2022ko mar. 24a, 11:58
Hilaren 26an (larunbata), Ukrainarekiko elkartasun-emanaldia eskainiko dute Aitzuri Abesbatzak, Debako Musika Bandak, Gure Kai Euskal Dantzari Taldeak eta Kalez Kale Txistulari Taldeak. Parrokiako Kooperazio Taldearekin eta Udalarekin elkarlanean antolatutako saioa 13:00etan izango da, elizako klaustroan (euria egiten badu, elizan bertan), eta ordu eta laurdeneko iraupena izango duela aurreikusi dute.

Hamar euroan salduko dira emanaldirako sarrerak eta irabaziak Chernobil Elkartearentzako izango dira; martxoaren 25era arte Turismo bulegoan izango dira salgai, eta hilaren 26an bertan, goizeko 11:00ak aldera, elizaren atarian ere lortu ahal izango dira.

“Erradiazioa, eta orain gerra” lelopean, Chernobil Elkarteak Txernobylgo (Ukraina) baliabiderik gabeko haurrentzako eta euren familientzako laguntza deialdia ere egin du. Ekarpen ekonomikoa egin nahi dutenek kontu korronte honetan sartu beharko dute dirua: ES62 2100 6491 1222 0003 6970. Deialdiaren inguruko informazio gehiago lortzeko, 670 419 078 telefono zenbakira deitu edo www.chernobil.org kontsultatu dezakete herritarrek.

Bestalde, azken asteotan bilketa egin da herrian, Ukrainara jana eta oinarrizko produktuak (arropa, sendagaiak…) bidaltzeko. Materiala Jartxa loradendan biltzen aritu dira eta deialdiarekin bat egin duten herritarren “eskuzabaltasuna” eskertu nahi izan dute antolatzaileek.