Udalerri euskaldunetako bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute hiru finantza erakundek

Berriketan 2021ko urr. 22a, 13:18
Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu berri dute UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoa ABANCAk, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Gilen Garcia alkateak sinatu du hitzarmena Debako Udalaren izenean, Bergaran egin den ekitaldian.

Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute hiru finantza erakundeek.

Debako Udalak Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin eta UEMArekin sinatu du hitzarmena urriaren 20an egindako ekitaldian. Udal ordezkarien esanetan, hartutako konpromisoarekin, “Debako herritarrei bermatzen zaie zerbitzuak euskaraz jasotzea, horretarako oinarri bat ematen baitie”. 

Herritarrei begira, zera esan du UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: “Batetik, kalitatearen osagai funtsezkoa da bezeroak harremanetarako hizkuntza hautatu ahal izatea. Bestetik, bi hizkuntza ofizialen artean desorekan dagoen hizkuntza ahula da euskara eta, beraz, hau lehenesteko neurriak hartzea ezinbestekoa da, euskara zabaltzeko eta sendotzeko asmoz, betiere bezeroek euskaraz ahoz eta idatzi jarduteko duten eskubidea modu argi eta garbian aitortuz”.

Hitzarmenaren inguruko informazio gehiagorako: www.uema.eus.