Udalerri euskaldun guztiak UEMAra elkartzeko deia egin dute Seguran

Berriketan 2022ko mai. 16a, 18:51
Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu zuten larunbatean Seguran, festa eta aldarrikapena uztartuz. Goizean UEMAren batzar nagusia egin zuten udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, tartean ziren Debako udal ordezkariak ere, eta eguerdian ekitaldi instituzionala izan zen Segurako plazan, erakunde publikoetako eta euskalgintzako ordezkaritza zabalarekin.

Deialdi argia egin zuen UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok: “Euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko bidegurutzean, erdaren erauntsipean, udalerri euskaldunei sendo eusteko eta euskararen lurgunea zabaltzeko garaia da, beranduegi izan baino lehen. Horretarako ezinbestekoa da indarrak batzea eta, beraz, eskaera zehatza egiten diegu Aturritik Ebroraino Euskal Herrian dauden udalerri euskaldun guztiei, UEMAko kide izan daitezen”.

Bi ekitaldirekin eman zioten hasiera Udalerri Euskaldunen Egunari. Batetik, UEMAren batzar nagusia izan zen Baratze pilotalekuan. Euskal Herri osotik heldutako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu ziren bertan. Mankomunitatearen jardueraren baitako ohiko kontuez gain, UEMAk 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren emaitzak ezagutarazi zitzaizkien batzarkideei. Baita udalak eta udalerriak euskalduntzeko zein herritarrak kontzientziatzeko UEMAk abian dituen ildoen baitan aurten lantzen ari den ekimen garrantzitsuenak ere.

Udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, Euskal Herri osoko hainbat herritar eta euskara elkarte bildu ziren hitanoari buruzko jardunaldian. Hainbat herritako esperientziak trukatu zituzten. UEMAk, Segurako Udalak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak antolatuta, Oiartzunen, Usurbilen eta Seguran hitanoaren inguruan egindako ikerketak eta ekimenak ezagutarazi zituzten, eta EHUko irakasle Garbiñe Bereziartuaren hitzaldia entzuteko aukera ere izan zuten: Euskararen normalizazioa eta hitanoa.

Bestetik, ekitaldi nagusian, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan ziren. Bertan izan ziren, esate baterako, Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Hizkuntza ikerketa eta koordinazio zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldunduko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Urko Aierbe Euskal Herrian Euskaraz elkarteko kidea, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Aize Otaño AEK-ren ordezkaria, beste hainbaten artean.

Segurako alkate Izarra Urdalletaren hitzen ondoren, Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteak urte askoan egindako lana aitortu eta omendu zuten UEMAk eta Segurako Udalak.

Ondoren, ekitaldian bildutako alkate, zinegotzi, euskaltzale, erakunde publikoetako ordezkari eta euskalgintzako eragileen babesarekin, UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu zuen hitza, eta udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria direla nabarmendu zuen: “Etorkizun hori euskalduna eta sendoa izan dadin lanean ari gara aspaldidanik, eta gero eta zabalagoa da elkarlana, bai euskalgintzarekin, eta baita gainerako erakunde publikoekin ere. UEMA bera ere sendotuz doa. 31 urte bete berri dira lehen aldiz Udalerri Euskaldunen Eguna antolatu zutenetik Aizarnazabalen. Egun hartan, 19 udalen artean UEMA sortu zuten. Gaur egun, berriz, 94 udal dira UEMAko kide, eta guztien artean, 275.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu”. 

Indarrak batzea ezinbestekoa dela iritzita, “ezagutzaren eta erabileraren arteko bidegurutze honetan, sekula baino gehiago, erakunde publikoen eta euskalgintzaren arteko elkarlana ezinbestekoa da, baina baita euskararen lurgunea zabaltzea eta sendotzea ere, udalerri euskaldunei euskaldun eusteko eta antena efektua edo efektu biderkatzailea zabaltzeko”. Ildo horretan, udalerri euskaldun guztiak UEMAra batzeko dei sendoa egin zuen.