Udaberriko oporraldirako eskaintza osatu du Gaztelekuak

Berriketan 2023ko api. 3a, 11:01
Udaberria iritsi da eta horrekin batera udaberriko oporrak ere. Gaztelekuak, beste behin ere, askotariko ekintzak antolatu ditu nerabeentzat.

Gaztelekuko arduradunek adinka banatuta antolatu dituzte ekintzak. Besteak beste, hainbat irteera egingo dituzte: 2007ean jaiotakoekin, esaterako, bi egunetako egonaldia egingo dute Lasturren; 2008an jaiotakoekin, berriz, Basauriko KNS abentura parkera irteera egingo dute; 2009an jaiotakoekin Donostiako laser parkera joango dira eta 2010ean jaiotakoekin, azkenik, Zumaia-Deba ibilaldia egiteko asmoa agertu dute, inguruko “bazter eta txoko politak” ezagutuz eta egun pasa “polita” eginaz.

Adinaren arabera antolatutako irteerez gain, nerabe guztiek batera parte hartu ahal izango duten jarduerak ere egingo dituzte. 12-17 urte bitarteko nerabe guztiek, esaterako, Debacup futbol txapelketa mistoan parte hartzeko aukera izango dute. Gaztelekuko lokala, gainera, egunero egongo da zabalik; iragarri dutenez, arratsaldero hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da.

EGITARAUA:

  • Apirilak 3, astelehena. Debacup futbol txapelketa mistoa, nerabe guztientzat.
  • Apirilak 4, asteartea. Zumaia-Deba oinez; 2010ean jaiotakoei zuzendutako irteera.
  • Apirilak 11, asteartea. Laser Tag Donostian; 2009an jaiotakoei zuzendutako ekintza.
  • Apirilak 11 eta 12. Lasturren egonaldia; 2007an jaiotakoei zuzendutako irteera.
  • Apirilak 14, ostirala. KNS abentura parkera irteera; 2008an jaiotakoei zuzendutako ekintza.