Txaro Garatek, Gure Kaik eta Umeen Egunaren antolatzaileek jaurtiko dute San Rokeetako txapligua

Berriketan 2022ko uzt. 28a, 12:00
San Roke jaietan Umeen Eguna antolatzen hasi zirela 70 urte beteko dira aurten. Hori aintzat hartuta, urte luzez horretan zein herria girotzeko beste hainbat lanetan aritu den Txaro Garate omentzea, eta txapligua berak botatzea erabaki du Kultura Batzordeak. Garaterekin batera egongo dira jaien hasieran Umeen Eguna antolatzen duten kideak eta Gure Kai dantza taldekoak.

Urtero bezala, abuztuaren 14an jaurtiko dute txapligua, 18:00etan, baina aurretik, abuztuaren 9an, esker-ekitaldia egingo zaio Txaro Garateri. Euskal kultura eta tradizioa galdu ez dadin lan handia egin du Garatek urte askoan. Besteak beste, dantzak ez galtzeko, Ezpata dantza eta San Roke dantza, kasu. San Roke jaietako Umeen Egunaren antolaketan eta Marinel Egunaren antolaketan ere buru-belarri ibili izan da.

Aurtengo jaietarako herriko eragileei eskatu zitzaien txapligua nork bota erabakitzeko proposamenak egin zitzaten, ondoren herritarrek aukera zezaten. Bide horrek emaitzarik eman ez zuela-eta, Kultura Batzordeak berak hautatu du aurtengo jaiei hasiera nork emango dien. Aurrera begira berrikusiko da aurten proposatutako parte-hartzeko prozedura.