Tene Mujikari buruzko hainbat lan aurkeztuko dituzte

Berriketan 2023ko ots. 21a, 12:44
Aurkezpena asteazkenean (otsailak 22) egingo dute, 18:00etan, Agirre jauregiko ispiluen gelan.

2021. urtean, Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenarekin bat eginda, Debako Udalak hainbat ekimen abiarazi zituen idazle eta olerkari ezagunaren lana eta haren irudia ikusgarri egiteko egiteko helburuarekin, eta asteazkeneko aurkezpena ere testuinguru horretan antolatu dutela esan dute antolatzaileek.

Debako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak antolatutako aurkezpenean honakoek parte hartuko dute: Gilen Garcia (Debako alkatea), Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuordea), Nekane Goikoetxea (Mondragon Unibertsitateko irakaslea), Cira Crespo (historialaria, idazlea eta feminista) eta Belen Ibarrola (diseinatzaile grafikoa).

Zehaztu dutenez, bi erakundeek sustatuta argitaratu diren honako hiru lanen aurkezpena egingo dute:

  • Nekane Goikoetxearen Tene Mujika, emakumea. Pizkundetik ahazturara. XXI. mendetik ateratako post argazkiak (Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzuak Berdintzen izeneko bilduman argitaratutako lana).
  • Cira Cresporen Tene Mujika udazkeneko argitan (Deba Udalak argitaratutako lana).
  • Belen Ibarrolaren, Cira Cresporen eta Nekane Goikoetxearen Tene Mujikari eskainitako erakusketaren katalogoa eta Tene Mujikaren objektu pertsonalen erregistroa (Debako Udalak argitaratutako lana).