Tene Mujikaren lanak sarean irakurgai

Berriketan 2022ko eka. 16a, 09:00

Jakin aldizkariak Emakume Abertzale Batzako bederatzi kideren 1.292 lan digitalizatu ditu, tartean Tene Mujika debarrarenak. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenean aurkeztu du egitasmoa (Debako Udalak ere lagundu du proiektuan).

Lorea Agirre Jakinen zuzendariak azaldu bezala, Jakinen euskal pentsamenduaren transmisiorako proiektu digitalaren atal berri bat osatzen dute EABko bederatzi idazleek. Hainbat egile ezagunen obra digitalizatua eskuragarri dago bertan: Carlos Santamaria, Azkue, Villasante… eta orain Juan San Martinena dute esku artean.

Agirren esanetan, hain zuzen, orain arte pentsamenduaren transmisioan gizonen lanak nabarmendu dira, baina bolumena apalagoa izan arren, “garrantzia izugarria” du emakume horien lanak, “ez zegokien eremu batean sartuz, pronostikoen kontra eta garaian esleitzen zitzaizkien lanetatik kanpo, bestelako baldintzetan” sortu zituztelako. Horregatik uste du emakume haien lana baloratzeko ezinbestekoa dela beste begirada bat izatea: “Ezin da bolumen edo jorratutako gaien barruan soilik aztertu, garaiko errealitateak inposatzen zizkien ezinen argitan aztertu behar dugu”.

2018an osatu zuten orain aurkeztu berri duten obra digitalizatzeko egitasmoa, eta Agirrek esan zuen emakumeen obrak digitalizatzen jarraituko dutela, eta abian dela “Bizenta Mogelen obratik hasi eta 1936ko gerrara bitarteko testuen digitalizazio bat. Orain aurkeztutako bederatzi emakumeen obrarekin eta etortzeko daudenekin, gure pentsamenduaren genealogia osatzen ari gara eta ezinbesteko parte bat dira, gure aurrekoa eta gaur egungo egoera ulertzeko”.

Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Mujika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbira Zipitriaren lanak digitalizatu dituzte. jakin.eus atarian daude ikusgai.