Fokupean Emakume Aktoreen Festibala taula gaineko emakumeen balioa nabarmentzera dator azaroan

Berriketan 2021ko urr. 29a, 12:03

Azaroaren lehen bi asteburuetan “Fokupean: Emakume Aktoreen Festibala” izango da Deban, emakumeek arte eszenikoetan duten papera balioestea helburu duen programazioa. GOAZ antzerki taldea eta DIT feministaren eskutik, herriko antzerkigintza bultzatu eta bereziki Debako emakumeek antzerkigintzan duten paper aktiboa sustatzeko xedez, ikastaro, ekitaldi eta antzerki emanaldi ezberdinak antolatu dira.

Programazio anitza
  • Azaroaren 5ean, ostirala, emango zaio hasiera festibalari, EHAZE antzerkizale elkartearen eskutik, Maringurua: Karanbola Hirukoitza: Emakumeen Presentzia euskarazko antzerki sorkuntzan liburuan oinarritutako solasaldi parte hartzaile eta performancearekin. 19:00etan egingo da, Kultur Elkartean.
  • Larunbatean, hilak 6, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanarekin jarraituko du festibalak, Kamikaz Kolektiboak eta TTAK Teatroak eskainita, 19:30ean zumardiko karpan.
  • Azaroaren 7an, igandea, emakume helduentzako antzerki hastapen tailer bat egingo da, Debako GOAZ antzerki taldearen eskutik, 10:00etan, jubilatuen egoitzan. Ondoren, 12:30ean Metrokoadroka konpainiaren Andrezaharraren manifestua izango da, zumardiko karpan.
  • Azaroaren 12an, ostirala, Lakoste antzerkia ikusi ahal izango da, Duxturi Teatroak eskainia, Gaztetxean, 19:30ean.
  • Azaroaren 13an eta 14an, larunbata eta igandea, Laura Penagosek emakumeei zuzendutako antzerki tailer bat emango du, Agirre jauregiko Ispiluen gelan, 10:00etan. Horrez gain, larunbatean, herriko hainbat emakume elkartuko dira 19:30ean zumardiko karpan festibalari amaiera emango dion ekitaldi sorpresa bat aurkezteko.

Festibalaren baitan egingo diren ekimenetan parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek, “antzerkiaz eta bere ingurukoez gozatzeko aukera paregabea izango baita hura maite duen ororentzat”.