Sorbeltzak ezagutzeko tailerra egingo dute Itziarren

Berriketan 2023ko urt. 4a, 13:29
Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Itziarko Auzo Udalak elkarlanean antolatutako tailerra ostegunean (urtarrilak 5) eskainiko dute Burugorrin. 11:00etan jarri dute hitzordua.

Gauza bat eta bestea dela, inguruan bizi diren sorbeltzen biziraupena arrisku larrian dago eta arriskuan dauden espezien katalogoetan daude. Ezer egin ezean, hurrengo urteetan hegazti hauek desagertzeko aukera handituko da. Hori dela eta, sorbeltzak, eta horiek dituzten arazoak ezagutarazteko jarduera bat antolatu dute Itziarko Auzo Udalak eta Geoparkeak elkarlanean. Jarduera, berez, 10 urtetik gorakoei zuzenduta dago, baina txikiagoek ere partu ahal izango dutela jakitera eman dute. Hori bai, txikienak heldu batek lagunduta joan beharko dutela esan dute.

Askotariko ekintzak antolatu dituzte. Besteak beste, ipuin kontaketa egingo dute. Iragarri dutenez, kontaketa baten bidez hegazti horien bizimodua eta horiek bizirik irauteko dituzten erronkak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Eskulanak ere egingo dituzte. “Haur bakoitzak paperezko hiru dimentsioko sorbeltza egingo du etxera eramateko”. Eta tailerrarekin amaitzeko, hegazti horiek babesteko prestatu duten proiektu baten berri ere emango diete parte hartzaileei. “Hura aurrera eramateko, laguntza eskatuko zaie”.

Sorberltzei buruz. Enara izenez ezagutzen diren hegazti horietako bat da, enara beltz, kataka, errentxori eta beste hamaika izenez ere ezaguna dena. Antolatzaileen esanetan, beste enarak ez bezala, sorbeltzak ez dira inoiz argindarren kableetan jarrita ikusiko, ezta lupetzetan lokatza biltzen mokoka ere. “Hegazti hauek ia bere bizitza osoa, umatzeko ez bada, airean igarotzen dute. Beste enarak baino askoz gorago egiten dute hegan, gainera”.

Hegazti migratzaileak dira eta urtero milaka kilometro egiten dituzte Europako umatze tokietatik Saharaz hegoaldeko Afrikatik haratago (7.000 kilometro inguru). Udaberriro bueltatzen dira eta itzuli hori garaiz prestatzea da Itziarren egingo duten tailerraren helburuetako bat. “Gizakiak egindako eraikinetan ohitu dira, eta eraikin horietan gero eta urriagoak dira hegazti hauek habia egiteko behar izaten dituzten zirrikitu eta zuloak. Gainera, hegazti intsektujaleak dira, eta ezaguna da mundu osoan intsektuek pairatzen ari diren beherakada”.