Septarien bildumako truke-programa aurrera doala azaldu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak

Geoparkeak kudeatzen duen septarien bildumaren elkartruke-programarekin jarraituz, beste bi pieza eskuratu berri dituztela jakinarazi dute. Bata Karrantzatik dator (Enkarterriak, Bizkaia) eta bestea, aldiz, Zubielkitik (Lizarraldea, Nafarroa).

Debako Udalak septarien bilduma bat bereganatu zuen joan den udaberrian, ondare geologiko eta kaltebera hori berreskuratzeko eta jendaurrean jartzeko asmoarekin.¬†Bilduma horren zati txiki bat truke-programa baterako bideratu da ordutik, Geoparkearen kudeaketari esker. Bertako septariekin zein kanpotik ekarritakoekin erakusketa iraunkorra osatzea da helburuetako bat. Aldi berean, Debako hondartzako flysch beltzean aurkitutako septaria baliotsuak nazioartean ikusteko aukera ematen du elkartruke-programak. “Honenbestez, ondare geologiko baliotsu hau berreskuratzeko eta babesteko aukera aparta da septarien bilduma hau, izan ere, mineralen salerosketaren eta bitxien merkatuaren interesaren mendean egotetik libre uzten baita horrela”, nabarmendu dute Geoparkeko kideek.

Septariak kanpo-morfologia esferikoko noduluak dira, barne-haustura erradialen edota zentrokideen sare bitxia garatzen dutenak, ertz angelutsuekin eta punta zorrotzetan bukatuta. Debako iparraldeko septariak oso ezagunak dira mineralogian eta mineralen han-hemengo bildumagileek asko estimatzen dituzte euren edertasunagatik eta haustura dotoreengatik. Debako septaria beltzak batez ere kaltzitaz beteta daude eta, unean-unean, baritinaz eta piritaz. Albiar Flysch Beltzean dagoen beta zehatz batekoak dira.