Senzala Euskadi, Kultura eta Capoeira taldearen Nazioarteko Topagunea asteburuan

Berriketan 2022ko eka. 9a, 11:23

Ostiral honetan, ekainak 10, hasi eta ekainaren 12ra arte kultura brasildarraren koloreek zipriztinduko dute herria, Senzala Euskadi taldeak Deban antolatu duen nazioarteko topaketa dela eta. Europan bizi diren hainbat irakasle brasildar etorriko dira, besteak beste, asteburu osoan zehar izango diren ikastaroak ematera.

Udako Capoeira nazioarteko topagunea Senzala Euskadi taldeak urtero antolatzen duen jaialdi brasildarra da. Jaialdiaren helburua Brasilgo kultura Euskal Herrira hurbiltzea da eta, ondorioz, herritar guztiei kultura horretako zenbait musika, dantza eta erakustaldiz gozatzeko aukera eskaintzea.

Ekainaren 10ean, ostirala, abiatuko da topagunea 20:30ean Itxas Gain tabernaren parean izango den Capoeira erakustaldiarekin. Ekainaren 11n, larunbata, 20:00etan, Batukada poteoa izango da. Hondartzan hasi eta Lorea taberna parera arte, herriko kaleetan zehar, kultura brasildarreko instrumentuen doinuek jantziko dituzte kaleak. Hainbat herritarrek osatutako taldeak hartuko du parte Batukada horretan. 22:00etan, berriz, afari brasildar girotua izango da Bordatxoko plazan nahi duen ororentzat. Txartela 10 euroan eskura daiteke.

Ekainaren 12an, goizez, hainbat diziplina praktikatzeko aukera izango da Aldats pilotalekuan. 9:30ean, yoga saioa izango da; 11:00etan, dantza afrikarreko saioa; eta 12:00etan, Capoeira saioa. Saio bakoitzerako izen-ematea 15 euro da, bi saiotan edo guztietan parte hartu nahi izanez gero, berriz, 25 euro.

Udako Nazioarteko Topagunea urteko ekintzei bukaera ematen dien topagunea da. Aurtengoa hemezortzigarren topagunea da eta, iaz bezala, Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Ingalaterra, Irlanda, Eskozia, Danimarka, Alemania eta Brasilgo ikasle eta irakasleak etorriko dira bertara. Pandemiaren aurreko topagunean, 2019an, 120 lagunek hartu zuten topagunean parte.

Senzala Euskadi eta Nazioarteko Senzala taldeak

Senzala Euskadi taldeak 2003. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Pixkanaka-pixkanaka, taldea handitzen eta sendotzen joan da, eta, gaur egun, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Deba, Zarautz, Gasteiz, Berastegi, Eibar eta Zumaiako kideak ditu, besteak beste. Guztira 70 pertsona inguruk osatzen dute egun taldea.

Aurretik aipatutako kultura brasildarra gerturatzeko helburuaz gain, taldearen beste helburu nagusia ume, gazte eta helduen inklusioa erraztea da eta, jomuga hori gogoan, ikastaro eta erakustaldi ugari antolatu izan ditu taldeak Euskal Herriko hainbat bazterretan.

Senzala Euskadi, Nazioarteko Senzala taldearen barruan dago kokatuta. Nazioarteko Senzala taldeak 60 urte daramatza Capoeirarekin lanean eta dagoeneko ezaguna da herrialde ugaritan, bertako kide eta irakasleek bost kontinenteetan egindako lanari esker.

Igandeko saioetan parte hartu nahi duenak 637552948 zenbakira whatsappa idatzita eman ahal izango du izena.