Santiago Banda eta Ana B. Garciaren kontzertua Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloan

Berriketan 2021ko urr. 20a, 16:39

Urriaren 23an, 20:00etan, Santa Maria elizan emango dute kontzertua Santiago Banda eta Ana B. Garciak. Urriaren 2rako programatuta zegoen saioa da larunbatean egingo dena, Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloaren barruan. Gonbidapenak Turismo bulegoan daude eskuragai.

“Nazioarteko Flysch zikloa finkatuz doa pixkanaka Gipuzkoako herri eta kultura esparruan. Finkatzen ari da, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko udalen ahaleginei esker”, nabarmendu du Debako Udalak. Orioko Udalak aurreko edizioan parte hartu zuen zikloan lehen aldiz. Hala ere, egungo osasun egoera dela-eta, Mutrikuk ez du parte hartuko aurtengo Flysch edizioan, eta horren ordez bi kontzertu egingo dira Deban.

Flysch zikloaren seigarren edizioak lehenengo edizioan azaldutako helburuetan sakondu nahi du: organoa ezagutaraztea, tresna ezezaguna den aldetik; gure ondarea zaintzea eta balioestea; eta Gipuzkoako eskaintza kulturala eta artistikoa erakargarriagoa egitea. “Azken helburu horrek bereizten du ziklo hau gainerako zikloetatik, ezohiko ziklo bereziki erakargarri bihurtuz”, gaineratu dute antolatzaileek.

Santiago Banda eta Ana B. Garcíaren emanaldia 20:00etan izango da, Santa Maria elizan. Orkestra transkripzioak, Julio Blasco García konpositoreak 4 esku eta 4 oineko organorako moldatutako orkestra-piezen mundu mailako estreinaldia dakarte geurera.