Santa Maria eliza ezagutzeko bisita gidatua egingo da igandean

Berriketan 2022ko ots. 8a, 19:57

Euskal Kostaldeko Geoparkearen ekimenez, Gotikoaren altxorra, Deban izeneko bisita gidatua izango da igande honetan. Eguerdian izango da hitzordua eta partaideek aurrez eman beharko dute izena, plazak mugatuak izango dira eta.

Debako alde zaharraren erdi-erdian kokatuta, Santa Maria eliza Gipuzkoako elizarik ikusgarrienetakoa da eta euskal gotikoaren altxortzat hartzen dela nabarmendu du beste behin ere Geoparkeak. “Edozein katedralekin alderatzeko modukoa da, bai duen tamainarengatik, bai bere ezaugarriengatik eta apaindura aberatsarengatik ere”. Hori hala, Gotikoaren altxorra izenburupean antolatutako bisita gidatuan parte hartzeko deialdia egin die herritarrei, bertako zein kanpokoei, igandeko hitzorduan eliz atari polikromatua eta XVI. mendeko klaustroa, Gipuzkoako zaharrena, gertutik ezagutzeko aukera izango dela azalduta.

COVID-19aren protokoloetara egokitutako bisita gidatua izango da. 12:00etan hasiko da eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Gehienez ere 25 lagunek izango dute bertan parte hartzeko aukera, eta aurrez eman beharko dute izena. Sarrerak salgai daude dagoeneko 8 euroan (5 euroan 12 urtetik beherakoentzat). Informazio gehiagorako: www.geoparkea.eus.