San Roke jaiei buruzko balorazio oso ona egin dute

Berriketan 2022ko ira. 19a, 10:58
Hiru urteko etenaldiaren ondoren, jaiak normaltasun osoz egin ahal izan direla esan dute Kultura Batzordeko kideek. Bat izan ezik, programatuta zeuden jarduera guztiak egin ziren; abuztuaren 18an eguerdirako iragarrita zeuden enbolatuak ezin izan ziren egin, eguraldiagatik.

Gilen Garcia alkatea ere Kultura Batzordeko kideekin bat etorri da, eta jaien balorazio oso ona egin du. “Udalak herritarrei dei egin zien jai parekideez gozatzera, ingurua eta ingurukoak errespetatzera eta arduraz jokatzera, eta hala izan da”. Hori guztia herritarren jarrerari eta eragileek egindako lan handiari esker posible izan dela gaineratu du. “Guztiok geunden gogotsu, eta energia berezi bat sumatu dugu egun horietan; jendea gustura ibili da, azken aldian ez bezala gozatuz”.

Jaiak, oro har, oso ondo joan direla azpimarratu du herriko agintari nagusiak. “Ez da inolako gertakari larririk deitoratu behar izan, eta inolako arazo larririk gabe igaro dira. Eraso matxisten protokoloa ere ez zen aktibatu behar izan”.

Bi une hunkigarri ere ekarri ditu gogora. Alde batetik, jaiak hasteko unea bera berezia izan zela aitortu du. “Txaro Garatek txapligua botatzea hunkigarria izan zen. Debari eta debarrei egindako ekarpena eskertu nahi izan genion. Berarekin batera Umeen Eguna antolatzen duten kideak eta Gure Kai dantza taldekoak izan ziren. Debako eragileek herriari egiten dioten ekarpenaren adierazgarri dira horiek guztiak”.

Alkatearen iritziz, bestetik, berezia izan zen Umeen Egunean 2019ko abuztuaren 1az geroztik jaio diren haurrei zapia banatzea ere. “Asko ziren oraingoan. Lau txandatan banatuta, eta emozioz beteta abestu genion bertsoa talde bakoitzari. Hor dugu Debaren etorkizuna, eta zor diegu ongi etorri berezia”.