San Roke jaiak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu du Debako Udalak

Berriketan 2022ko mai. 24a, 09:07

2022ko festak iragartzeko kartel lehiaketa abian dela iragarri du Udalak. Edonork parte har dezake sariketan, betiere lan originalekin, eta ekainaren 15era arteko epea izango da lanak aurkezteko. 500 euroko saria jasoko du hautatutako irudiaren egileak.

Lehiaketara aurkeztutako kartel guztien artean, epaile taldeak sail bat aukeratuko du jendaurrean erakusteko, udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Aukeratutako lan horien artetik aterako da aurtengo festak iragartzeko kartel irabazlea, herritarren botoek erabakita. Botoak osoko bilkuren aretoan bertan emango dira, eta aurrez iragarriko dira erakusketaren datak.

Ekainaren 15eko 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira lanak udaletxeko harrera bulegoan, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara. Hemen kontsulta daitezke sariketaren oinarriak.