Salgai daude Jon Maiak Elgoibarren eskainiko duen ‘Kantu bat gara’ ikuskizunerako sarrerak

Berriketan 2022ko aza. 28a, 11:59

Abenduaren 1ean eskainiko dute emanaldia, Elgoibarko Herriko Antzokian. Sarrerak sarean eskuratu daitezke, eta egunean bertan, gelditzen badira, leihatilan ere salduko dituzte.

Kantuan agurtuko dute hirugarren Euskaraldia Elgoibarren. Ariketa kolektiboa ostiralean (abenduak 2) amaitzen bada ere, amaiera ekitaldi berezia ostegunean (abenduak 1) egingo dutela jakitera eman dute herri batzordeko kideek. Elgoibarko Udalarekin elkarlanean, hain zuzen ere, Jon Maiaren Kantu bat gara ikuskizuna aukeratu dute aurtengo Euskaraldia agurtzeko. 19:00etan hasiko da emanaldia, Herriko Antzokian, eta kantuzale guztiak, Maiarekin batera, kantu bidez euskararekin gozatzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.

Emanaldirako sarrerak Internet bidez eskuratu daitezke, Herriko Antzokiaren webgunean. Sarrerek 10 euroko salneurria daukate, baina Gazte txartela dutenek merkeago erosi ahal izango dituzte; 3 euroan, hain zuzen. Sarrerarik gelditzen bada, gainera, egunean bertan leihatilan erosteko aukera ere egongo dela esan dute.

Euskal Herriko hainbat txokotan estreinatu dute Kantu bat gara ikuskizuna, eta arrakasta handia izaten ari da. 30 urte bete dira bertsolari eta sortzaile urretxuarrak bere aurreneko kantak idatzi zituenetik, Negu Gorriak taldearen Gure jarrera diskorako. Ordutik, Euskal Herriko hainbat eta hainbat talde eta abeslarirentzat idatzi ditu kantuen hitzak: Negu Gorriak bera, Gari, Mikel Urdangarin, Anari, Benito Lertxundi, Soziedad Alkoholika, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Gozategi, Ken Zazpi eta abar luze bat.

Horietako kantu asko eta asko jendearen gogoan gelditu dira dagoeneko: Itsasoari begira, Gora Herria, Lehenbiziko bala, Nirekin, Non geratzen den denbora, Eskuetan, Itsasoa gara, Zaharra zara Bilbo… 30 urteko ibilbide oparoa ospatzeko, Maiak bere hainbat kanta ezagunen bertsioak aurkeztuko ditu Elgoibarren, Pello Ramirez (biolontxeloa), Gorka Hermosa (akordeoia) eta Nacho Soto (teklatua) musikariekin batera.