Ruper Ordorikak bigarren emanaldi bat eskainiko du Debako Kultur Elkartean

Berriketan 2023ko api. 10a, 14:09

Apirilaren 22rako iragarrita dagoen kontzerturako sarrera guztiak minutu gutxian agortu ostean, Kultur Elkarteko kideek jakinarazi dute musikariak bigarren emanaldi bat eskainiko duela Deban. Bigarren hitzordu hori apirilaren 23an izango da, 19:00etan.

Sarrerei dagokienean, apirilaren 12an (asteazkenean) jarriko dituzte salgai, 18:00etatik aurrera, Kultur Elkartean bertan (10 euroan). Arduradunek ohartarazi dute sarreren bila garaiz agertzeko, guztira 80 bat lagunentzako edukiera baitu aretoak.

Liburuaren Egunaren bueltan. Ordorikaren bi kontzertuak Kultur Elkarteak eta udalak Liburuaren Egunaren harira prestatu duten egitarau bereziaren baitan egingo dira. Bestelako jarduerarik ere izango da aukeran asteburu horretan. Apirilaren 22an, esaterako, liburu azoka, bermut literarioa eta mikro irekia egingo dute Kultur Elkartean goizean; egitarauari 11:00etan emango zaio hasiera eta 14:00etan bukatuko da ekimena.