Pilota eta bertsoak uztartzen dituen Udaberri Torneoko jardunaldi bat hartuko du Itziarrek

Berriketan 2023ko mai. 12a, 14:05
Mitxoletak taldeak Bitxiloreak taldearen aurka neurtuko ditu indarrak igandean (maiatzak 14). Maialen Akizu eta Nerea Elustondo bertsolariak ere eurekin batera izango dira.

Ados Pilota klubak abiatu berri duen Udaberriko txapelketa berritzaileak Itziarren egingo du geldialdia igandean (maiatzak 14). Txapelketak, berezitasun modura, euskal kulturaren zutabeetako bi uztartzen ditu: euskal pilota eta bertsolaritza. Lehiaketaren formatuari dagokionez, izena emanda daude hamabi pilotariak hiruko lau multzotan banatu dituzte, eta botileroak bertsolariak izango dira. Zehaztu dutenez, lore baten izena eta hiruna pilotari batzen dituen bina talde jarriko dituzte aurrez aurre jardunaldi bakoitzean.

Antolatzaileek jakitera eman dutenez, igandean, 12:00etan hasita, Itziarko Zabalsoro frontoian jokatuko den bigarren jardunaldian Mitxoletak eta Bitxiloreak taldeak ariko dira aurrez aurre. Mitxoletak taldeko Barrokal, Mujika eta Aldaregia pilotariak, zehazki, Maialen Akizu bertsolariaren esanetara ibiliko dira eta Bitxiloreak taldeko Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante, berriz, Nerea Elustondo bertsolaria aholkulari dutela. Sarrera bost euro ordaindu beharko da (haurrek, doan).

Jaialdiaren sistemari dagokionez, bi puntu egongo dira jokoan eta horiek lortzeko, bi partida jokatu beharko dituzte aurkariek: lau t’erdiko buruz buruko partida bat eta binakako beste bat eta atsedenaldietan bertsolariek bertso bidez emango dizkie aholkuak pilotariei. Antolatzaileek iragarri dute botileroek erabakiko dutela zein pilotarik jokatuko duten lau t’erdian eta zeintzuk binakakoa.

Txapelketari buruz. Maiatzaren 5ean hasi zen Altsasun eta ekainaren 2an amaituko da Beasainen. Guztira sei jardunaldik osatuko dute txapelketa. Lehen fase batean, ligaxka bat jokatuko dute taldeek; hau da, denek denen aurka jokatuko dute eta irabazitako partida bakoitzagatik puntu bana jasoko dute. Liga fasea amaitzean puntu gehien batu dituzten bi taldeek jokatuko dute final handia.