Prentsa-oharra kaleratu du Debako Udalak herrian agertu diren sexu askapenaren aurkako mezuak salatuz

Berriketan 2022ko mai. 3a, 18:40
Debako Udalak azken egunotan udalerriko hainbat puntutan agertu diren sexu askapenaren kontrako mezuak arbuiatu ditu gaur, maiatzaren 3an, zabaldutako prentsa-oharraren bitartez.

Pertsona gutxi batzuek egindako pintada horiek udalerriko gehiengoaren nahiaren kontrakoak direla gogorarazi nahi izan dute Udaleko arduradunek agiriaren bitartez. “Bizikidetzaren alde gaude debarrak, eta bide horretan lanean ari da Udala ere. Horregatik, ez ditugu onartzen ez mezu eta ezta jarrera xenofoboak, sexu askatasunaren kontrakoak, gutxiengoen kontrakoak… ez Deban, ez beste inon ere”, jaso dute idatzian.

Horrez gain, idatzian azpimarratu nahi izan dute pertsonen arteko eskubide berdintasunean sinesten dutela eta bide horretan lanean ari direla bai udalaren barruan zein udalerriko eragileekin elkarlanean. Halaber, bertan dei egiten diete herritarrei pertsonen arteko berdintasunaren kontrako, eta kasu zehatz honetan LGTBI kolektiboaren, eta sexu askapenaren, kontrako mezuak eta jarrerak ez ditzaten onartu eta salatu ditzaten. “Guztion artean egingo dugu berdintasunean eta inklusioan oinarritutako udalerria”, adierazi dute azkenik.