Pelax eta Bidelapurrak taldeen kontzerturako sarrerak salgai

Berriketan 2022ko mai. 3a, 13:11

Pelax eta Bidelapurrak taldeak arituko dira KulturEkin programazioaren baitan antolatutako laugarren ekimenean. Kontzertua maiatzaren 20an (ostirala) izango da, gaueko 22:00etan, Debako Kultur Elkartean.

Pelax (Unai Pelayo) 1989. urtean Donostian jaiotako abeslaria da. 2013an hasi zen zuzeneko emanaldiak eskaintzen eta ibilbide horretan estudioko lau lan luze grabatu ditu dagoeneko: Cowboy’s orchestra saioak (2015), Talkak egiten du didaktika (2017), A-B (2019) eta D-E (2019). Folk, blues eta rock and roll estiloen baitan, bere diskografiaren errepasoa egingo du Deban eskainiko duen emanaldian, bakarkako formatuan.

Bidelapurrak taldeari dagokionean, 2014. urtean Gasteizen Ekaitz Aranberri eta Ander Solozabalen eskutik sortu zen folk-rock taldea da. Bikote formatuan hasi baziren ere, urteak aurrera egin ahala moldaketak izan zituzten formatu handiagoko talde izaten amaitu zuten arte. Bide horretan, estudioko bi lan kaleratu dituzte: Zenbat negar bazterretan (2014) eta Gorriak eta bi (2018). Azken lana kaleratu ostean, taldeak geldiune bat iragarri zuen bere sare sozialetan. Orain, hasierako bikote formatura itzuli eta Deban eskainiko dute beraien ibilbide berriaren lehen kontzertuetako bat.

Antolatzaileek adierazi dutenez, sarrerak online erosteko aukera dago, bost euroan, hemen sakatuta. Sarrera guztiak agortzen ez badira, aurrez aurreko salmenta egingo da egunean bertan.