Ozio-Bide elkartea, 75 urte gure artean

Berriketan 2022ko abu. 11a, 09:00

Ozio-Bide elkarteak eta hark urtez urte aurrera atera duen festetako danborradak 75 urte bete dituzte (lehenak aurten eta bigarrenak iaz), eta hainbat ekimen antolatu ditu elkarteak urteurren horiek ospatzeko. Ekimen horiek iazko abuztuan hastekoak ziren arren, COVID-19aren ondorioz atzeratu egin behar izan dituzte, eta ekainean eman zaie hasiera ofizialki, Ozio-Bide 75 urte 1947-2022 liburuaren aurkezpenarekin. Iaz zendu zen Karmelo Urdangarin eta Txema Vitoriak idatzitako liburu hori berori erabili dugu batez ere esku artean elkartearen ibilbidearen errepaso moduko bat egiteko.

Ozio-Bide 75 urte 1947-2022 liburuaren argitalpenaz gain, elkartearen eta danborradaren urtemugako ospakizuna honako ekimenek osatuko dute: uztailaren 23an bazkari berezia egin zuten elkartean hainbat gonbidaturekin (agintariak, Debako elkarte gastronomikoak,…); oroigarri modura lepo-zapi bat aterako da; hilaren 14ko danbor-joleen afarira Musika Banda gonbidatuko da; elkartearen armarridun pina sortuko da bazkideentzat; eta, azkenik, danborradan oroitzapenezko hainbat ekitaldi egingo dira eta, amaieran, Amaikak Bat futbol taldea omenduko dute, hark ere 75 urte bete dituelako.

Ozio-Bide elkartearen sorrera

Armagintzak bailarara ekarritako ekonomi oparotasunaren giroan sortu zen Ozio-Bide, berrogeiko hamarkadan. Beste elkarte askorekin gertatu zen bezala, Debako San Roke jaietan irekitzen diren “bodega” tradizional bateko lagun talde batek herri-elkarte bat martxan jartzea erabaki zuen. Jose Ignacio Urbieta buru zuen lagun taldeak Donostiako Gaztelu-Bide herri-elkartearen estatutuak kopiatu eta 1947an onartu zituzten hemen, Urbieta bera lehendakari zutela.

Haren hitzetan, “adiskidetasunak eta gastronomia xumeak ematen dituen plazerez giro onean gozatzeko elkartea” izango zen. “Ideia ez da berria, tankera honetako elkarteak badaude jadanik gure geografiako hainbat lekutan. Dena den, hainbat oztopo ofizial agertzen dira –Espainian garai politiko oso zailak bizi ziren–, baina herriko alkatearen babesarekin (orduan, Fernando del Valle Lersundi) baimena lortzen da proiektuarentzat”.

29 bazkide fundatzaile
Elkartearen egoitzan dagoen plakan 29 lagun ageri dira fundatzaile gisa. 1947a zen, zortzi urte Gerra Zibila amaitu zela, eta bazkide fundatzaileen artean ideia politiko oso desberdinak zituen jendea ageri da. Hala, Ozio-Bide sortzeko gizarte-ekimenak Debako herritarrak adiskidetzen lagundu zuen irudipena dute kideek. Datu bitxi gisa aipatzen dute aurreneko lokalean hainbat urtez kartel bat egon zela politikaz eta erlijioaz hitz egitea debekatzen zuena.

Urte askoan, bazkidegai izateko, beharrezko izaten zen gizonezko izatea, idatziz eskatzea, iragarki-taulan 15 egunez argitaratzea, bi urte baino gehiagoko antzinatasuna zuten bi bazkide osok aurkeztua izatea, eta diru kopuru bat ordaintzea (100 pezeta hasieran). Urteek aurrera egin ahala, Debako egoiliarrak lehenetsi ziren.

Ohorezko bazkideak ere izendatu ditu elkarteak bere historian: Pablo Sorozabal, Emilio Lopez Vidriero, Carlos Copel eta Jose Maria Rementeria.

Urdangarin eta Vitoriaren liburuan aipatzen den bezala, “pentsaera desberdinak agertu izan dira zenbait gairen inguruan: kuoten zenbatekoa, emakumeen sarrera elkartean edo elkarteak bazkideen eskura jarrita dituen produktuen prezioen eguneratzea. Baina, oro har, esan daiteke jarrera positiboa egon dela”.

Ozio-Bide bereizten duen beste ezaugarri bat, euren esanetan, “elkartearen jarduera sozial handia” da, barrura zein kanpora begira, bai iraganean bai gaur egun ere. Herriko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu izan dira eta dabiltza oraindik ere, haiei ekonomikoki lagunduz batetik, beren ohiko jarduerak aurrera eraman ditzaten, eta haiekin jarduera zehatzak antolatuz, bestetik.

Egun ere elkarteko bazkidegai izateko baldintzak antzekoak dira eta Debako egoiliarrak lehenesten dira. Guztira 130 lagunek osatzen dute egun Ozio-Bide. Bada alde nabarmen bat, ordea, urte luzeetan ez bezala, bazkideen artean bi emakumezko ere badira eta; iaz onartu zuten emakumeak elkartean gizonezkoak dituen eskubide guztiak izatea.

Honakoek osatzen dute gaur egun zuzendaritza: Pablo Fernandez lehendakariak, Jose Luis Sudupe lehendakariordeak, Isidor Lamariano idazkariak, Julen Salgado diruzainak, eta Javier Gaztañaga, Aitor Narbaiza, Jose Mª Cendoya, Joseba Aguirre, Oscar Urdangarin eta Luis Ramon batzordekideek.

Danborrada, ekimen izarra

Arg.: Joxerra Larrañaga

Aurrez ere bada herrian danborrada aipatzen duen idatzirik, baina Ozio-Bideren lehenengoa 1946an izan zen. Elkartea sortzen ari zen, eta gerora Ozio-Bideren bazkide fundatzaile izango zen lagun talde batek jarri zuen martxan, Donostiako Casa Angelitan alokatutako traje eta danborrekin. 1947an, Ozio-Bide martxan zela, 11 bazkidek danborrada finantzatu zuten, bakoitzak 1.400 pezeta jarrita; laster, materiala elkarteari laga zioten.

Lehen Danbor Nagusia Isidro Vitoria (Mami) izan zen 1946-1963 urteetan. 1964tik 2000 urtera haren seme Txema Vitoriak hartu zuen kargua eta, azkenik, 2000tik gaur egunera arte, Manolo Pascual izan da Danbor Nagusi.

Parte hartzeari begira, emakumeek aurretik ere urteak zeramatzaten arren pandero-jole, 2012an erabaki zuen elkarteak danborradan emakumeei danbor-jole moduan sartzen lagatzea.

Errepertorioari dagokionez, hasieran Raimundo Sarriegiren konposizioak interpretatzen ziren: Tatiago, Iriarena, Diana eta, Foruen plazatik irteteko, Anteron txamarrotia. Beranduago Deba izeneko kalejira gehitu zen, Jaime Cardenasek (uda Deban igarotzen zuen pediatra) konposatua.

Aipagarriak dira Pablo Sorozabalek konposatutakoak ere: Debako Martxa edo Hirugarren kalez kale, eta Ozio-Bide polka. 1955eko uda Deban pasa zuen musikariak, Vidriero ohiko udatiar eta medikua lagun zuelako; Ozio-Biden, Jose Ignacio Urbietak “konpas batzuk falta zaizkigu danborradarako” botata eskuratu zien 1956an Sorozabalek Debako Martxa.

Polka ere Urbietak egindako proposamenetik etorri omen zen: “Begira don Pablo, hurrengo pieza baterako aurreneko konpasak emango dizkizut”, esan eta hiru kolpe lehor eman zituen mahaian koilararekin. Polka hiru konpasekin hasten da, bada, danbor eta barrilez jotako hiru kolpe lehorrekin.

Jose Ignacio Ansorenaren piezek ere osatzen dute errepertorioa. Txema Vitoriari Mami bilduma eskaini zion: Txitxarritoak, Mami, Plaza Zaharra, San Roke eta Anguleroak. Bestalde, Ansorenak Sorozabalen baimenarekin Ozio-Bide polka moldatu zuen txistuarekin jo ahal izateko. Eta, azken hamarkadan, Amaikak-Bat-en himnoa gehitu da; Fernando Urainek (Fefe) konposatua, danborrada amaitu ostean, plazatik irteteko jotzen da.

1997an danborradaren 50. urtemuga eta Sorozabalen jaiotzaren mendeurrena bete ziren. Batetik, disko bat grabatu zuen danborradak Debako Musika Bandarekin; bestetik, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 58. edizioak konpositorea omentzeko kontzertua antolatu zuen Debako plazan.