Otsailaren 10erako antolatu dute urteko lehen odol emate saioa

Berriketan 2023ko ots. 6a, 11:34
Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eskatu behar dute hitzordua; osteguna (otsailak 9) da horretarako azken eguna.

Debako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko saio berri bat antolatu du. Urteko lehen saioa ostiralean (otsailak 10) egingo dute, Luzaro ikastetxean; ohi modura, 16:30etik 20:30era bitartean ariko dira osasun arloko profesionalak lanean. Herrian zeregin horretan urteak daramatzan taldeak, beste behin ere, bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei. “Helburuaren bila! Denon beharra dagoela, ez ahaztu”, azpimarratu dute.

Antolakuntza lanak errazteko, ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Interesa dutenek 612 402 103 telefono zenbakira deitu edo Whatsapp mezu bat bidali beharko dute txanda hartzeko. Horretarako azken eguna osteguna (otsailak 9) da. Zehaztu dutenez, 16:00etatik 20:00etara jasoko dituzte deiak eta mezuak.

Odol emaileen elkartetik azpimarratu dutenez, ez da aparteko baldintzarik bete behar odola emateko. Are gehiago, bertan lanean ariko diren osasungintzako profesionalek babes neurri guztiak hartuko dituztela gogorarazi dute, beraz, jendeari “lasai hurbiltzeko” eskatu diete. Hona hemen odola emateko eskatzen diren zenbait baldintza:

  • 18 eta 65 urte artean izatea.
  • Ezinbestean 50 kilo baino gehiago pisatzea.
  • Atseden hartuta, otordu arina eginda eta ondo hidratatuta joatea gomendatzen da. “Etorri odola ematera, baina ez baraurik”.
  • Gaixotasunen batez kutsatu ahal izateko arrisku-praktikarik egin ez izana (sexualak, bidaiak, gaixotasun kutsakorrak dituzten pertsonekin kontaktua izatea…).
  • Ohartarazi dute sintoma susmagarriak (katarroa, mukiak edo eztula moduko sintomak) izanez gero ere, ez bertaratzeko.