Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordea lehen aldiz bildu da Euskal Kostaldeko Geoparkean

Berriketan 2021ko aza. 22a, 18:58

Munduko interesgune geologikoen inbentarioa abian jarriko duen proiektuaren oinarriak finkatu dira eta erabaki da, besteak beste, munduko lehen 100 Global Geosites-en aurkezpena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo dela datorren urtean, International Union of Geological Sciences-eko (IUGS) ordezkariak egongo diren ekitaldi batean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxetar Group taldearekin duen hitzarmenaren bitartez enpresa talde horrek biotopoan duen Amalur egoitzan egin da bilera. Bertan izan dira International Union of Geological Sciences-eko (IUGS) idazkari nagusi Stanley Finney eta taldeko beste hainbat nazioarteko ordezkari eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa eta IUGSeko Nazioarteko Ondare Geologikoarean batzordeko presidentea. Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuaren bisita ere izan dute.

Bileran, munduko interesgune geologikoen inbentarioa, IUGS Global Geosites izenekoa, abian jarriko duen proiektuaren lehen urratsak eman dira eta jakinarazi dute 2022 urtean Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean aurkeztuko dela. Zumaia eta Donostia artean egingo den biltzar garrantzitsu horrek munduko lehen 100 IUGS Global Geosites-en berri emango du eta IUGSen 60. urteurrena eta UNESCOren Nazioarteko Geozientzia Programaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da. Zentzu horretan, Geoparkeko flyscha zientzia-programa garrantzitsu horren irudi eta erreferentzia bihurtuko dela nabarmendu dute.

Pozik azaldu da horrekin Asier Hilario. Bere esanetan, “ondare geologikoak lurraren memoria gordetzen du eta hori ulertzea ezinbestekoa da egun ditugun ingurumen erronka askori aurre egiteko”. Ondare geologikoa natur ondarearen zati garrantzitsu bat dela gogorarazi du. “Urteetan zehar, Biotopoa eta Geoparkearen bitartez, erakutsi dugu ondare geologiko hau babesteko konpromisoa daukagula eta geoturismoaren eta txikienen hezkuntzaren bitartez bertako garapena bultzatzeko konpromiso hori erakutsi dugu”. Horiek hala, Hilariok gaineratu du Ondare Geologikoaren nazioarteko batzordea zuzentzea “ohore bat” dela gure lurraldearentzako, “nazioartean gero eta garapen handiagoa duen arlo honetan erreferente bezala kokatzen gaituelako”.

Era berean, nabarmendu dute Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoak, Aldundiak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak azken urteetan aurrera eramandako lankidetza indartzeko balio izan duela gaurko bilerak.