Olatz Salvadorrek kontzertua eskainiko du bihar Kultur Elkartean

Berriketan 2022ko ots. 24a, 18:58
KulturEkin egitasmoaren baitan iritsiko da bihar Olatz Salvador musikari donostiarra gurera. Emanaldia Debako Kultur Elkartean eskainiko du, 20:00etan. Sarrera guztiak agortu dira.

Olatz Salvadorrek (1990, Donostia) hainbat urte daramatza musika eszenan murgilduta. Skakeitan taldean hasi zuen bere bidea 2010. urtean. Handik lau urtera, ordura arte konposatutako abesti sorta bat oholtza batera eraman zuen lehen aldiz, gitarra lagun zuela. 2018an kaleratu zuen bere bakarkako lehen estudioko lana, Zintzilik (2018, Airaka) izenburupean.

2021eko urtarrilean ikus zuen argia bere bigarren lanak: Aho uhal (Airaka), Pablo Novoa musikariak ekoztua eta Haritz Harreguy estudioetan grabatua eta nahastua. Salvadorrek 12 abestiz osatutako proposamen landua dakar diskoan, hitzetan Alaia Martin edota Ane Labaka bezalako sortzaileen ekarpenak izanik eta, ahotsei dagokienez, Rozalén, Iván Ferreiro eta beste hainbat artisten laguntzaz. Bi urtetan zehar ontzen aritu den lan kontzeptuala da Aho uhal eta kontzertuz kontzertu dabil donostiarra azken hilabeteotan bere lana zuzenean aurkezten jendaurrean.

Deban eskainiko duen emanaldirako sarrerak egun bakar batean agortu ziren.

Hurrengo protagonistak: Esti eta Mikel Markez

Bestalde, KulturEkinen baitan antolatutako bigarren hitzordua martxoaren 25ean izango da (ostirala), iluntzeko 20:00etan. Gaur egongo dira salgai emanaldirako sarrerak, 6 euroan, Kultur Elkartean bertan. Pertsona bakoitzak bi sarrera eros ditzake gehienez.

Urte osoko programazioa osatu nahian, lanean jarraitzen du Kultur Elkarteak; hilabete bakoitzean ekitaldi bat egiteko asmoa duela iragarri du. Kultur eskaintza aberastea da helburu nagusia, baina ez bakarra. “Eragile eta herritarren inplikazioa sustatzea, Kultur Elkartea indartzea eta, bide batez, eraikinaren egoerari irtenbide bat emateko bidean pausoak ematen hastea ere bilatzen dugu”, adierazi zuten zuzendaritzako kideek.