Olatu moreak Deba ere hartu du

Berriketan 2023ko mar. 9a, 09:20

Urteroko hitzorduari jarraiki, borroka feministaren aldarriak ozenarazteko eguna izan zen atzo (martxoak 8) mundu mailan ospatu zen Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Mundu osoan protesta eta mobilizazioak egin zituzten eta Deba ez zen salbuespena izan. Egunak, gainera, kolore morea txoko guztietara eraman zuen; goizean goizetik, herriko ikastetxeak, saltokiak, etxeetako balkoiak eta abar, morez jantzita agertu ziren.

Ohikoa den modura, elkarretaratzea egin zuten Foruen Plazan, beste behin ere, aldarrikapen feministak lau haizetara zabaltzeko; udalerriko dozenaka herritar eta udal ordezkariek bat egin zuten Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna leloa zeraman pankartaren atzean. Eguna, jai giro ederrean eta kantuan agurtu zuten. Izan ere, Kalean Kantuzekoek kantaldia eskaini zuten udaletxe azpiko arkupean, elkarretaratzea amaitu bezain pronto.

Kalean Kantuzekoak, atzo, elkarretaratzea amaitu ondoren eskaini zuten kantaldian abesten

Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotuta, bestalde, adierazpen instituzionala onartu zuen Debako Udalak udalbatzak zuen otsaileko osoko bilkuran. Martxoaren 8aren testuinguruan herriko hainbat eragilerekin batera antolatu diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.