“Olatu arteko txalupa arraroa” aurkeztuko dute bihar Deban

Berriketan 2022ko eka. 24a, 11:28

Musika eta literatura uztartzen dituen emanaldia eskainiko dute Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak bihar, ekainak 25, Deban, 22:00etan, Plaza Zaharrean. Ez da sarrerarik erosi beharko bertaratu ahal izateko.

80 minutu inguru irauten duen ikuskizuna osatzen duten letrak Kuban sortu zituen Sarrionandiak, duela ia hamar urte. Hitzei musika jarri zien Gose taldeko Osinagak eta Gosariak izenburuko proiektua gauzatu zuten. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Osinagaren musikaz lagunduta.

Olatu arteko txalupa arraroa emanaldiak dozena bat testu biltzen ditu eta “bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia”, sortzaileen esanetan. Izan ere, Habanan sortutako testuek Atlantikoa zeharkatu zuten eta Euskal Herrira heldu ziren, “eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun. Amaia Apaolaza zegoen artean, bere hutsunea utzi zuen”.