Nerea Loiola eta Aitziber Alonsoren 'Irabazi arte'-ren komiki digitala sortu dute aplikazio formatuan

Berriketan 2022ko mai. 3a, 11:05

Irabazi arte! telesailaren unibertsoan girotutako euskarazko lehen komiki interaktiboa jarri du abian EITBk. Aplikazioaren bidez, Irabazi arte: iraganeko mamua izeneko narratiban murgiltzeko aukera du erabiltzaileak, bineta interaktiboen bidez. Komiki digitala Android eta iOSen play store-etan lor daiteke.

Nerea Loiola idazle debarrak eta Aitziber Alonso ilustratzaileak sortu dute komikia, Alai argitaletxearen eskutik. EITBLab ideia eta eduki berrien laborategiak sustatutako ekimena da eta mundu mailako komikien gune den webtoon plataformaren arrakastan oinarrituta abiatu dute proiektua.

Formatu berri honen bidez, protagonistek istorioan entzuten duten musika entzun dezakete erabiltzaileek, pertsonaiei edo gertakariei buruzko informazioan sakontzeko aukera dute eta, komikian aurrera egiteko, istorioaren garapenaren inguruko galderak erantzun beharko dituzte. Lehen fasean atalak euskaraz eta katalanez eskainiko dira.