Neomak taldeak “Hamen” abestia eta bideoklipa plazaratu ditu

Berriketan 2022ko api. 22a, 16:24

Ilargi berriak aurkezpen kanta arrakastatsuaren ostean, Hamen izenburuko lana dakar oraingoan Neomak taldeak. Bideoklip formatuan aurkeztu du bigarren lan hau ere.

Taldearen aurkezpen diskoa udaberrian loratuko zela aurreratu zuen Neomak taldeko kide den Alaitz Eskuderok otsailean Berriketan-i eskainitako elkarrizketan. Bien bitartean, baina, taldearen bigarren kimuak ikusi du jada argia, Ilargi berriak lehen abestia kaleratu eta bi hilabetera.

Taldearen esanetan, Hamen kanta berria “sufrimendutik idatzitako koplez osatua dago. Hainbeste urtez isilpean igarotako bizipenak letra gordinez osatu eta ahotsa nabarmendu nahi izan dugu; tradizioaren alde iluna zalantzan jarriz eta bizi izan diren erreprimitutako garaiak deskribatuz”.

Bideoaren grabazioaz eta edizioaz Bideolan enpresa arduratu da. Abestia, berriz, Haritz Harreguy teknikariaren estudioan grabatu dute.