KOLABORAZIOA

Nagusilan: “Ezin da lotu adina zahartzaroarekin”

Berriketan 2023ko mai. 3a, 09:15

Hona hemen Debako Nagusilan elkarteko kideek apirileko Berriketan herri aldizkarian argitaratutako kolaborazioa.

Ez dago zahartzarorako adin finko bat, malgua da; osasun fisiko, mental eta sozialarekin zerikusia du, eta, agian, autonomia galtzen dugunean zahartzen gara. Baina gogoratu gizakiontzat naturala dela mendekotasuna izatea. Umeak mendekoak dira eta gizaki guztiok gure bizitza osoan autonomoak izan nahi dugun arren, beti behar ditugu beste pertsona batzuk inguruan, izaki sozialak garelako.

Euskal Estatistika Erakundearen (EUSTAT) 2022ko txostenak dioenez, Deba-Itziarko 5.380 biztanleen artean, %20k 20 urte baino gutxiago dituzte, eta %24,80 65 urtetik gorakoak gara. Txosten horren arabera, 65 urte edo gehiago ditugun 1.335 biztanle gara, 705 emakume eta 630 gizon.

Aldaketa sozialengatik eta gure adina handitzen ari denez gero, jubilatuen talde soziala irekia eta askotarikoa da. Aniztasun hau beste gizarte talde batzuetan ere ikusten da. Ondorioz, adituek adinen kontzeptuak birformulatu dituzte: hirugarren adinekoak edo heldu gazteak, eta laugarren adinekoak edo heldu nagusiak. Hirugarren adina 60-65 urtetik 80-85 urte bitartekoa izango litzateke; orokorrean, beraien osasun fisikoa, mentala eta soziala nahiko ona izaten da. Laugarren adinekoak 80-85 urtetik gorakoak izango lirateke, eta gaixotasun degeneratiboak eta kronikoak agertzen hasten dira tarte horretan. Mendekotasun handiena dutenek inguruko senideen eta zerbitzu soziosanitarioen laguntza izaten dute.

Hirugarren eta laugarren adinek zerikusia daukate adin biologikoarekin eta adin kronologikoarekin. Adin biologikoak gure gorputzaren funtzionamenduan eragiten du, gorputzaren zahartze prozesuan. Batzuen eta besteen gorputzak, hala ere, era ezberdinean zahartzen dira. Adin kronologikoak, berriz, zerikusia du jaiotza datarekin, nortasun-agiri nazionalarekin. Adin kronologikoa ezin dugu aldatu, baina adin biologikoa bai: jarduera fisikoarekin eta sozialarekin, elikadurarekin, lo osasungarriarekin, eta abarrekin.

“Ondo zahartzeko, haurtzaroko jakin-minari, nerabezaroko nahiei eta helduen erantzukizunei eutsi behar zaie, eta, zahartzen joan ahala, hirugarren (eta laugarren) adinean, aurreko urteetako esperientziez baliatzen saiatu behar da”. (Edgar Morin)

Erretiro adinaz hitz egiten dugunean, pentsioaz pentsatzen dugu batik bat, eta ez zahartzen garen moduaz. Zahartzea ez da adinaren kontua bakarrik, lanaren eta bizitzaren historia ere bada. Nola zahartzen dira idazkari bat edo metalurgiko bat, garraiolari bat edo mediku bat…, lan finkoa daukana edo lanik gabe dagoena? Ez da berdina. Bizitza itxaropenak zerikusi handiagoa dauka klase sozialarekin genetikarekin baino; bizimoduarekin, alegia, gure lanarekin, gure hezkuntza mailarekin…

Lanetik jubilatzea ez da gizartetik irtetea. Oso garrantzitsua da aktiboa izatea, proiektuak, ametsak eta zaletasunak aurrera eramatea. Ez da aisia edukitzeko denbora bat bakarrik, aitzitik, garai aproposa da Debako hainbat talderekin kolaboratzeko, lan solidarioa egiteko, ariketa fisikoa egiteko, liburuak irakurtzeko, euskara hobetzeko, lagunekin eta bilobekin ibiltzeko…

Sozialki aktiboa izatea ez da pertsonalki aktiboa izatea bakarrik. Gizarte aktiboak barne hartzen du belaunaldien arteko elkartasuna, eta hor belaunaldi guztiak sartzen dira, ez helduak bakarrik. Jubilatu izatea ez da beharrarekin eta mendekotasunarekin lotu behar, ahalmenarekin baizik.