Munduko Boccia Txapelketaren kanporaketa fasera igaro da Amagoia Arrieta

Berriketan 2022ko abe. 9a, 15:18

Rio de Janeiron jokatzen ari den Munduko Txapelketan domina lortzeko aukerekin jarraitzen du Arrietak. Sailkapen fasea bere multzoko bigarren postuan amaitu ondoren, Yee Ting Jeralyn Tan singapurtarraren aurka jokatuko du final-laurdena.

Egunotan Rio de Janeiron (Brasil) jokatzen ari diren Munduko Boccia Txapelketan aurrera egitea lortu dute Garuneko paralisia eta hartutako kalte zerebrala duten pertsonen Espainiako selekzioko hiru kirolarik. Kanporaketa faserako sailkatu den horietako bat Deban bizi den Amagoia Arrieta da; Veronica Pamies eta Wafid Fido Boucherit dira beste bi sailkatuak.

Arrieta BC1 kategorian ari da lehiatzen, eta sailkapen fasean egindako lan onari esker, munduko onenen artean jarraitzen du. Are gehiago, podiumean sartzeko aukera edukiz gero, munduko txapelketa batean irabaziko lukeen lehen domina izango litzateke.

Bere multzoko bigarrena izan da. Lehen partidan, Aurelie Aubert frantziarra erraz menderatu zuen; 7-0 irabazi zuen. Bigarren partidan, aldiz, Yuriko Fuji japoniarraren aurka gogor saiatu bazen ere, ezin izan zuen garaipenik eskuratu; 2-3 galdu zuen. Egunotan jokatuko duen final-laurdenetan Yee Ting Jeralyn Tan singapurtarraren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Espainiako selekzioko arduradunen iritziz, podiumera igotzeko faboritoetako bat da. Adierazi dutenez, lan asko egin du duen mailaraino iristeko, eta munduko txapelketan ere maila ona erakusten ari da. “Bere esperientzia zabala eta jokoan duen lasaitasuna izango dira podiumera iristeko dituen bertute onenetako bi”.

Dordoka klubeko jokalaria bere kirol ibilbideko unerik “gozoenean” iritsi da txapelketara, 2021eko Europako Txapelketan brontzea, Portugalgo Povoa de Varzim hirian jokatu zen Bocciako Munduko Kopan zilarra eta Erromako World Boccia Challeger nazioarteko txapelketan urrea irabazi ondoren. Nazioartean lortutako emaitza bikainei esker, gaur egun, mundu mailako sailkapen taulan laugarren postuan dago.