Mobilizazioekin jarraitzeko asmoz, pentsioak aurrekontu orokorretan legez blindatu arte

Berriketan 2022ko urt. 21a, 11:58
Joan den urtarrilaren 15ean, larunbata, lau urte bete ziren pentsio publiko duinen aldeko mugimendua piztu eta kalean protestak egiten hasi zirenetik eta, urtemuga baliatuz, manifestazio jendetsuak egin ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hainbat hiritan, tartean Eibarren. Bertan, 800 bat lagun elkartu ziren mobilizazioan, baita debarrak ere.

Manifestazioaren amaieran, gogora ekarri zuten lau urte daramatzatela pentsioen sistema publikoa defendatzen eta ohartarazi dute “behartuta daudela” borrokan “tinko” jarraitzera harik eta pentsioak aurrekontu orokorrean “legez blindatzea” lortu arte, ikusita “gobernu honen zati handi batek erreberentzia” egiten diela “botere ekonomikoei eta finantzarioei”.

Bestetik, hilaren 20an hitzaldia eskaini zuen Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kide Jon Fanok Debako Kultur Elkartean. Pentsioen egoeraz, osasungintzaz, lan erreformaz eta pentsiodunen mugimenduaren nondik norakoez aritu zen gonbidatua. Deba-Itziarko pentsiodunek antolatu zuten solasaldia.