Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute Deban

Berriketan 2021ko urr. 18a, 19:00

Urriarekin batera, mintzapraktikaren ikasturte berria ere abian da Deban, Aurten MintzaPoza praktikatu lemapean. Zuhatza Euskara Elkarteak kudeatzen du programa, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean, eta urrian zabaldu du izen-ematea. Hala ere, betiko moduan, urtean zehar ere egongo da egitasmoarekin bat egiteko aukera (aurrez osatutako taldeetan sartuko dira interesdunak).

Mintzalaguna programak euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak eta euskaraz egin nahi dutenak elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartzen dira paseoan, kafetegian, parkeetan… euskaraz aritzeko, finean, euskaraz bizitzeko.

Doakoa da programa eta bi modutara har daiteke parte, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira mintzalagun izateko baldintza bakarrak.

Aurtengoa “bereziki bizi, garrantzitsu, gogotsu dator”, antolatzaileen hitzetan. Azken bi urteetan ezinezkoa izan baita jarduna bere horretan. Hala ere, Euskal Herrian orotara 6800 lagun astero-astero bildu izan dira programari esker.

Baina, noski, betikora itzultzeko gogoz dira egitasmoaren arduradunak: taldekideekin berriz elkartzeko eta MintzaPoza elkarrekin praktikatzeko.

Nola eman daiteke izena?

Zuhatza elkartearen bulegoan bertan (Ifar kalea 12an), 943 19 13 83 telefono zenbakian, koordinatzailea@zuhatza.com-en edo labur.eus/Zuhatza_Deba helbidean
sartuta eman daiteke izena.